Eguenean itxita egongo da Udala plazako biribilgunea

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko ira. 30a, 11:05
Irudiko biribilgunea itxiko dute urriaren 1ean zirkulaziorako.

Arrasate pasealekuko obren barruan, Udala plazako biribilgunea itxita egongo da bihar, urriak 1, 08:00etatik 19:00etara. Iñaki Arriaga udaltzainburuaren arabera, "ezinezkoa" izango da eragozpenik ez eragitea: "Horregatik aldez aurretik pazientzia eskatzen dugu eta barkatu sortuko diren eragozpenengatik", dio. Herri barrurako alternatibak zehaztu dituzte baina "gomendio orokorra" da Olandixoko tunela –Uribarri inguruko bizilagunendako bereziki– edo beste saihesbideak erabiltzea herri barruko zirkulazioa ahalik eta gehien arintzeko. 

Herri barruko alternatibak honako hauek izango dira: batetik, Zarugalde kaletik datozen ibilgailuek Kalealdea kaletik gora egin beharko dute –Erguin auzorantz– eta gero Udalpe kalea zeharkatuz Garaia gunera irten.

Bestalde, Olandixoko tuneletik datozenek bi aukera izango dute: batetik, Garaia gunean ezkerrera egin eta Itxaropena eta Erguin kaleak zeharkatuz Kalealdea kaletik jaitsi ahalko dira Zarugalde kalera. Bigarren aukera da gaur egun egiten dena, Loramendi kaletik eta unibertsitate atzetik Foruen Plazara joatea. 

Munar auzoan, bi norabide

Era berean, Aragoa eta Munar kaleetako bizilagunak leku beretik sartu eta irten beharko dira. Hau da, Biribil deritzon dendatik egongo da sarrera eta irteera bihar.

Egun bitan egin beharreko lana egun bakarrean

Arrasate pasealekuan lanean diharduen enpresak eguena eta egubakoitza eskatu zituen Udala plazako errotondaren asfaltatze-lanetarako, baina egubakoitzean Maritxu Kajoi eguna denez biribilguneko lanak egun bakarrean amaitzeko konpromisoa eskatu zuen udaltzaingoak. 

"Ez dago beste modurik"

"Nahitaez" sortuko diren eragozpenengatik aldez aurretik barkamenak eskatu ditu Udalak: "Pazientzia beharko da, baina ez dago beste modurik", dio Iñaki Arriaga udaltzainburuak.  

Autobus urbanoan aldaketak

Era berean, Udala plazako asfaltatze lanak direla eta, urriaren 1ean ez da egongo geltokirik Erguin eta Erguin-gain izeneko geltokietan. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak