Urria amaieran bukatuko dituzte Arrasate Pasealekuko lanak

Maite Txintxurreta 2015ko ira. 3a, 18:00

Aramaio erreka gaineko zubian segurtasun arazoak aurkitu dituztenez, aurreikusi baino beranduago zabalduko dute guztiz pasealekua. Irailaren amaierarako, baina, errei bat zirkulaziora irekiko dutela azaldu du Udalak.

Otsailean hasi zituzten Arrasate Pasealekuko lanak orain, irailean, amaitzea aurreikusten zuten arren, urriaren amaierara arte luzatuko dira azkenean.

Horretarako arrazoia, pasealekua eta Udala plazako biribilgunea lotzen dituen zubian -Aramaio errekaren gainekoa- segurtasun-arazoak aurkitu izana da. Ondorioz, zubiaren zati bat bota -Munar aldekoa- eta berregin egingo dute.

Uztailean, langileak lurrazpiko hodiak sartzen ari zirela, zubia bi zatitan eraikita zegoela eta aipatutako aldea egoera txarrean aurkitzen zela ikusi zuten. "Zamaren bat pasatzerakoan oinezkoentzat eta autoentzat arriskutsua" izan zitekeela azaldu du Maria Ubarretxena alkateak Igor Kortabarria hirigintza teknikariarekin batera eskainitako prentsaurrekoan.

Lan berri horrek, zati guztiaren atzerapena ekarriko du berarekin. Gainera, 106.044 euroko kostu gehigarria izango dute hasiera batean aurreikusitako 1.577.463 euroko aurrekontuaren gainean

Urrirako errei bat zabalik

Hala ere, irailaren bukaerarako errei bat zabalduko dutela aurreratu du Ubarretxenak: "Herritarrekiko konpromisoa hartu genuen eta ahalik eta azkarren zabaltzea nahi dugu".

Lan guztiak bukatu eta Pasealekua guztiz irekitzen denean, hogeita hamar kilometro orduko abiadura muga ezarriko dute, eta zirkulazioa ibilgailu arinentzat soilik egongo da baimenduta. Hortaz, trailerrak Olandixoko tuneletik pasatu beharko dira.

Herri barruan autoen mugimendua gutxitu eta kalea oinezko eta bizikletentzat egokiagoa bihurtzeko asmotan, aparkalekuak kendu eta espaloia handitu dute langileek Arrasate Pasealekuan.

Zalduspe-Osinaga zubia irekita

Ia bederatzi hilabetez oinezkoendako itxita egon ostean, asteon zabaldu dute Musakolako Zalduspe eta Osinaga kaleak lotzen dituen zubia.

Urtarrilean hasi zituzten zubia eraberritu eta hobetzeko obrak, baina hiru aldiz -maiatzean birritan eta uztailean- lanak amaitzeko epea luzatu behar izan du Udalak, besteak beste, pasabidearen egonkortasuna bermatzeko egin diren proba guztiak direla eta.

Udal Gobernu berriak zubia irailaren baterako zabaltzea agindu zuen, eta alkatea pozik azaldu da orduan hartutako konpromisoa bete ahal izan dutelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak