Herri barruko alternatibak honako hauek izango dira: batetik, Zarugalde kaletik datozen ibilgailuek Kalealdea kaletik gora egin beharko dute –Erguin auzorantz– eta gero Udalpe kalea zeharkatuz Garaia gunera irten.
Bestalde, Olandixoko tuneletik datozenek bi aukera izango dute: batetik, Garaia gunean ezkerrera egin eta Itxaropena eta Erguin kaleak zeharkatuz Kalealdea kaletik jaitsi ahalko dira Zarugalde kalera. Bigarren aukera da gaur egun egiten dena, Loramendi kaletik eta unibertsitate atzetik Foruen Plazara joatea.
Munar auzoan, bi norabide
Era berean, Aragoa eta Munar kaleetako bizilagunak leku beretik sartu eta irten beharko dira. Hau da, Biribil deritzon dendatik egongo da sarrera eta irteera bihar.
Egun bitan egin beharreko lana egun bakarrean
Arrasate pasealekuan lanean diharduen enpresak eguena eta egubakoitza eskatu zituen Udala plazako errotondaren asfaltatze-lanetarako, baina egubakoitzean Maritxu Kajoi eguna denez biribilguneko lanak egun bakarrean amaitzeko konpromisoa eskatu zuen udaltzaingoak.
"Ez dago beste modurik"
"Nahitaez" sortuko diren eragozpenengatik aldez aurretik barkamenak eskatu ditu Udalak: "Pazientzia beharko da, baina ez dago beste modurik", dio Iñaki Arriaga udaltzainburuak.
Autobus urbanoan aldaketak
Era berean, Udala plazako asfaltatze lanak direla eta, urriaren 1ean ez da egongo geltokirik Erguin eta Erguin-gain izeneko geltokietan.