"Raketa izan nuen salba ohola eta ordudanik raketista profesionala izan naiz. Ordu asko eta partidu ugari jokatu behar genituen Madrilen jan ahal izateko. Berrehun pezeta kobratzen genituen hilero eta kinieletatik ere portzentaje bat ematen zitzaigun. Baina ez pentsa, raketa bakoitzak 50 pezeta kostatzen zuen, eta gainerako gastuak ere gure kontura zihoazen. Ozta-ozta ateratzen nuen bizitzen jarraitzeko", Juanita Arenatzaren berben bitartez ilustratzen du, besteak beste.
Tongorik ez
Olga goitizena hartu zuen raketista Mexikon ere ibili zen profesional modura. Han ere bizi izan zituen anekdotak, honakoa adibide: "Jakina! Inoiz ez dut aitortu orain arte, baina noski tentatzen gintuztela opariekin eta diruarekin. Samurra bide zitzaien batzuei tranpan erortzea. Nik ez nuen sekula nire burua saldu, baina amua hamaika bider jarri zidaten. Behin, 25.000 pesoko eskaintza egin zidaten partidua galtzeagatik. Atera kontua: hamar hilabeteko soldata! Baina ez nuen tenk egin!"
Mario Moreno Cantinflas eta Jorge Negrete ezagutzeko aukera ere izan zuen Juanita Arenatzak, besteak beste: "Seguritate Sozialik gabe jokatzen genuen frontoian, gure profesioa ez baitzen sartzen espektakuluetako sektore ofizialean, nahiz eta Jorge Negrete sektoreko presidenteak eta “Cantinflas” idazkariak hamaika bider agindu zidaten raketistak integratuko zituztela sindikatuan. Hitzak hitz".
Berriro ez
1970ean erretiratu zen Arenatza. Eta balorazio gazi-gozoa egiten du bizitzan tokatu zaion ibilbide profesional horren gainean: "Berriz jaioko bazina raketista izango al zinateke?"-galdetu dio Josemari Velez de Mendizabalek-
"Ez. Garbi asko daukat ezetz. Berriz jaioko banintz, Francok eragotzitako unibertsitate karrera egingo nuke"
"Horixe dugu Juanita Olga Arenaza Velasco. Urte askotarako! Hurrengo ekarpenean, Margarita ahizparen gain arituko naiz", iragarri du Josemari Velez de Mendizabalek.
Edozein modutan, Olga Arenatzaren gaineko kontakizun osoa irakurtzeko hemen klika daiteke.