Ekimenaren bultzatzaileen helburua, Meatzerreka auzoan dagoen hiru hektarea dituen lursaila, garai baten zegoen moduan, harizti bihurtzea da. 400 zuhaitz landatu zituzten otsailean, eta atzo, zapatuan, egin beharreko berrikusketak egin ondoren, bestelako lan gehiago burutu zituzten aipatutako lur eremuan: hegaztientzako eta saguzarrentzako habiak eskegi zituzten zuhaitzetan; zuhaitzak identifikatzeko kartelak egin eta jarri zituzten; eta anfibioentzako urmaela egiten ere jardun zuten. Horrez gainera, San Baleixo ermitatik lursailera doan bidean, egurrezko eskailerak ere egin dituzte.
Epe luzerako lana
Horren guztiaren helburua, herritarrentzako atseden, jolasleku eta aisialdirako tokia bihurtzea, besteak beste, beharrezko ekipamenduarekin (mahaiekin...). Ekimenaren bultzatzaileen esanetan, gune hori beste gune batzuen eredu izatea gura dute: "Garai bateko zabortegi bateko inguruak, gozamenerako tokia bihurtzea posible dela erakutsiko da" dio Aitor Zubiagak, Bbesaide mendi elkarteko kideak.
Emakume Mundu Martxako Arrasateko plataformakoak ere bai
Datorren egubakoitzean, urriak 2, Emakume Mundu Martxa debagoienean izango da, eta asko dira egunotan Martxaren aitzakian antolatutako ekimenak. Horien artean, atzo, zapatua, Arrasateko plataformak proposatutakoak. Herriko erdiguneko kaleetan kalejira egin ondoren, San Balerio ingururaino hurbildu ziren gero. Haritzak, arteak eta erratzak landatu zituzten urmaelaren bueltan; eta ondoren, Iraitz Agirrek martxarekin lotutako mezua irakurri zuen eta segidan, Sustraibarri elkarteko Sonia Etxenagusiak ipuin bat kontatu zuen.
Egindakoak borobiltzeko, merezitako mokadutxoa egin zuten herrilanean bildutako lagunek.