Memoriaren Egunaren harira, Arrasateko Sortuk uste du "hutsune eta gabezia nabarmenak" daudela oraindik

Jon Berezibar 2015ko ira. 22a, 09:03

Sortuk uste du "herri baten oroimenari ezin" zaiola "kate edo hesirik ezarri" eta memoria eta elkartasuna ez direla "urteurren soilak". Hala, azkenaldian egin diren saiakerak "beharrezkoak eta interesgarriak" iruditu arren, alderdiak uste du "oraindik orain aitortu nahi ez diren bestelako indarkerien biktimak albo batera" uzten direla.

Sorturen oharra, Memoriaren Egunaren harira: 

Irailarekin batera ikasturte politiko berriak eman ditu bere lehen pausuak. Euskal Herrian bizi dugun egoera politikoak eta gatazkak bere korapiloetan segitzen du ainguratuta eta euskal jendartean berandu baino lehen konponbidean eta erabakimenean oinarrituko den baldintza berriak lantzeko garaia da. Euskal Herrian bertan, zenbait sektore mesfidati agertu den arren, begirunez eta ilusioz ari gara egunotan, Katalunian igande honetan izango denari adi-adi begira. Halaber, egunotan ere gogora dakartzagu hamarkadetako gatazka politiko honetan ahanzturara kondenatu nahi diren gertaera lazgarrietako batzuk. Edozein gatazketan bezala, ahaztea edo gogoratu nahi ez izatea, herri hau etorkizun herren batera kondenatzea delako. Konponbidearen osagaiak direlako memoria eta sufritu dutenekiko errespetua eta elkartasuna. 

Agerikoa da, gatazka politikoaren ondorio eta kaltetu jakinek soilik eskuratzen dutela hedabide eta bozgorailu politiko nagusien arreta eta babesa. Kontua ez da hauen errealitatea eta aitortza ukatzea, baizik eta sistematikoki eta maltzurkeriaz ukatu eta ezkutarazi nahi diren gainontzeko horien babes eta aitortza politikoa eskuratu eta hauek gatazkaren errelatoaren baitan txertatzea. Denok herri honetan gertatu den guztiaren ezagutza izan eta aurrera begira herri honen eraikuntzarako ikuspegi zabalagoa landu dezagun. 

Norabide honetan, gure herrian aurkeztu berri den udalerrietako biktimen txostenek agerian utzi dutenari ere erreparatu nahiko genioke. Saiakera beharrezkoa eta interesgarria bada ere, errealitatea osatzen laguntzeko hutsune eta gabeziak nabarmenak dira oraindik orain. Indarkeria jakinen biktimak bertan azaltzen diren bitartean, oraindik orain aitortu nahi ez diren bestelako indarkerien biktimak albo batera uzten direlako. Hala nola, dispertsioaren ondorioz errepidean bizia utzi duten senide eta lagunen heriotza lazgarriak, espetxeko zein erbesteko bizi baldintza krudelen ondorioz bizia galdu duten preso eta iheslariak, tortura eta tratu txarrak pairatu dituzten hainbeste eta hainbeste herritarrak edota oraindik orain gatazkaren bestelako aurpegien ondorioz hilak suertatu diren herritarrak.       

Hori dela eta, datorren irailaren 27ak, igandea, oroimenerako eguna izaten jarraitzen du Arrasaten eta oro har Euskal Herrian. Herri baten oroimenari ezin zaiolako kate edo hesirik ezarri. Memoria eta elkartasuna ez dira urteurren soilak, herri baten etorkizunerako ezinbesteko zutabeak baizik... herri izarrak ez direlako itzaltzen.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak