Meatzerreka berreskuratzeko bigarren herrilana irailaren 26an, San Balerion

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko ira. 15a, 17:18
Otsailean landatutako zuhaitzak nola dauden aztertuko dute, besteak beste.

Arrasateko Meatzerreka auzoa berreskuratzeko ekimenaren barruan, Naturtzaindia, Besaide eta Sustraibarri elkarteek herrilanerako bigarren deialdia egin dute irailaren 26rako, Udalarekin elkarlanean. Lehen deialdian 400 zuhaitza landatu zituzten San Balerio ermitaren inguruan eta bigarren esku hartzean honako lanak egitea aurreikusi dute: landatutako zuhaitzen egoera aztertzea, San Balerioko ermita ondotik lursailera zuzenean igotzeko egurrezko eskailerak eraikitzea, saguzarrentzat eta hegaztientzat habia-kutxak jartzea eta anfibioentzat ur putzu bat egitea. 

Antolatzaileak pozik daude lehen deialdiak izan zuen erantzunarekin: "Arrakastatsua izan zen, parte hartzaile kopuru polita bertaratu zelako –50 lagun– eta 400 zuhaitz ale landatzeko helburua bete zelako, harremana sortuz lursailaren eta pertsonen artean", adierazi dute ohar bidez. 

Izen-ematea, hilaren 24ra arte

Irailaren 26ko herrilanean parte hartzeko bi bide jarri dituzte deitzaileek: 653 715 258 telefono zenbakira deitzea eta sustraibarri@gmail.com helbide elektronikora idaztea. Izena eman beharko da irailaren 24a baino lehen.  9:00etan elkartuko dira eta oinez helduko dira Meatzerrekara. Han talde ezberdinak egingo dituzte lanok gauzatzeko eta ondoren mokadutxo bat egiteko aukera egongo da. Gainera, Emakumeen Mundu Martxarekin bat egingo du hilaren 26ko ekimenak: "Emakume taldea bertaratuko da eta ur putzuaren inguruan 13 lezka landare landatuko ditugu Gure gorputzak, gure lurraldeak lelopean", adierazi dute.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak