Oscar Garcia: "Auzoak hobetuko ditugu arrasatear guztiek zerbitzu berberak izan ditzaten"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko ira. 10a, 15:18
Oscar Garcia udaletxean, asteon ateratako argazkian.

Arrasateko Udaleko Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak batzordeko burua da PSE-EEko zinegotzi Oscar Garcia (Arrasate, 1979). Agenda betea izan arren, aurkitu du tarte bat GOIENAri erantzuteko: "Udaleko batzorderik garrantzitsuena dela esango nuke", dio. 

Zein da zure eguneroko lana?

Lan askorekin gabiltza. Goiz irteten naiz kalera, oinez. Uste dut garrantzitsua dela Arrasate oinez zeharkatu eta dauden arazoak zein gabeziak bertatik bertara ikustea. Gero udaletxera etortzen naiz, teknikariekin berba egiteko dauden behar horien gainean, martxan dauden proiektuei jarraipena egiteko... Arratsaldetan bilerak, batzordeak, osoko bilkurak... Lau urte barru arrasatearrek esango dute gure lana ona izan den edo ez.    

Zein da batzordearen eginkizuna?

Udaleko batzorde garrantzitsuena dela esango nuke. Izenak berak dioenez, herriko obrak eta zerbitzu guztiak gure batzordetik pasatzen dira eta lan handia dago hor bakarrik. Mantenua ere oso garrantzitsua da, eta, aldi berean, gure asmoa da erdialdearen aurretik auzoak lehenestea. Uste dugu erdigunea nahiko ondo zainduta dagoela, ekipamendu askotxorekin, eta kontrakoa gertatzen da hainbat auzotan. Auzoen egoera hobetu gura dugu, arrasatear guztiek zerbitzu berberak izan ditzaten. 

Ze proiektu duzue esku artean? 

Santamaina eta Makatzena lotzeko igogailu bat edo eskailera mekanikoak jartzea gura dugu; guretako berebiziko garrantzia duen obra da. Arrapala handiak daude inguru horretan eta auzotar batzuk –elbarrituak, karroetan ume txikiak daramatzaten familiak...– arazo handiak dituzte etxera oinez joateko. Izan ere,  herri barruan arrasatearrek autorik ez hartzea gura dugu. Finantziaziorako bideak aztertzen gabiltza, baina oraindik ez dugu ezer adostu. Bestalde, azoka ez dugu gaur egun dagoen lekuan ikusten; ez da normala soto batera joan behar izatea erosketak egitera, beste kokapen bat behar du. Ez diogu zentzurik ikusten azoka desfasatu horri aurpegia garbitzeko bi milioi euro bideratu izana eta horregatik aurreko agintalditik zetorren proiektu hori bertan behera utzi dugu. Hortaz, azoka berria agintaldi honetan gauzatuko dela aurrera dezaket. 

San Andresen ere urbanizazio lan batzuk egiteke daude; hala ere, ez dago dirurik guztia batera egiteko, eta epeka egin beharko dira gauzak. 

Obretan epeak ezin betetzea egunerokoa ogia dela dirudi...

Bai, eta horren adibide da Zalduspe-Osinaga pasabidearen irekiera zenbait hilabetez atzeratu izana. Obrak ez dira matematikak eta idatzita dagoen proiektua gauzatzerakoan hamaika arazo sor daitezke. Baina arazo horri aurreratzeko gaude politikariak eta teknikariak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak