Ander Garai: "Kirol klubei eskatu diet euren bileretara joatea, laguntza eraginkorragoa izan dadin"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko uzt. 17a, 08:00
Ander Garai, Arrasateko Herriko Plazan.

Bizimodua erabat aldatu zaio azken asteotan Ander Garairi (Arrasate, 1987), eta Udalean bi batzorderen arduraduna izango den zinegotzi bakarra izateak ardura handia ekarriko badio ere, "gogotsu eta ilusio handiz" dago erronka berrirako. Bestalde, Mondrako presidente moduan egindako lanarekin "pozik" dago.

Zergatik utzi zenuen Mondra?

Udal Gobernuan egongo nintzela ikusi nuenean, ez zitzaidan etikoa iruditu Mondrako presidente eta Kirol zinegotzi izatea aldi berean.

Nolako balorazioa egiten duzu presidente moduan egindako lanaz?

Pozik nago. Emaitzak ez dira onak izan, baina klubaren egitura sendotu egin dugu eta beheko kategorietako formazioa hobetzen joan gara. Denborarekin ikusiko da bi urte hauetako lana ona izan dela. Oso talde ona izan dut ondoan eta horrek asko erraztu dit dena.

Egoera ekonomiko zaila aurkitu zenuten sartzerakoan. Nola egin zenioten aurre egoera horri?

Zuzendaritzan duela hiru urte eta erdi sartu ginen, 90.000 euroko zorra zegoela. Lehen helburua izan zen zorra negoziatu eta ahalik eta lasterren murriztea. Klubean ordaintzen zen apurra ezabatu eta bazkideen kuota 190 eurotik 350 eurora igota lortu genuen zorra kitatzea, eta, beraz, klubaren egoera orekatzea.  

Zein da zure garaiko lorpenik handiena? Eta ze arantza geratu zaizu?

Lorpenik handiena izan da, nire ustez, lortu dugun entrenatzaile taldea. Oso talde prestatua da, kirol arloan zein pedagogikoan. Entrenatzaile horien lanak fruituak emango ditu etorkizunean.  Arantzarik handiena izan da mutilen lehen taldea merezi duen mailan utzi ez izana. Hala ere, dauden jokalari eta entrenatzaileekin ez daukat zalantzarik datorren urtean igoera lortuko dela.

Bestalde, nola daramatzazu lehen egunak udaletxean? 

Arrasatearrendako lan egiteko gogotsu eta ilusio handiz. Sail guztietako arduradunekin biltzen nabil, informazioa jasotzen, funtzionamendua ikusten...

Kirola, Gazteria, Berdintasuna eta Hezkuntza.  Nola egokitu zaizkizu?

Lau sailak erlazionatuta daudela uste dugu eta sinergia positiboak lor daitezke guztiak bateratuta. Kirol klub baten kudeaketatik nator, eta esperientzia hori aberasgarria izan zitekeela pentsatu genuen. Gainera, esperientzia daukat hezkuntzaren munduan, eta gazteriaren zein berdintasunaren arloak ere gertutik bizi izan ditut, kirolarekin lotuta. Mondran egon izanak benetako beharrak identifikatzen laguntzen du. Horregatik, klub guztiei eskatu diet hilean behin edo bi hilean behin euren bileretara joatea, informazioa gertutik jaso eta laguntza eraginkorragoa izan dadin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak