Belakoren post-punka eta La-Tox taldearen elektronika Monterronen

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko uzt. 16a, 19:00

Mungiako Belako taldea Arrasateko Monterron parkean izango da

Musika adituen kritika onak eta jarraitzaile askoren fideltasun handia lortu ditu 2011n sortutako Belako taldeak. EITBko maketa lehiaketa irabazi zuten 2012an; harrezkero, abiadura handiko ibilbidea izan du herriko auzo baten izena duen Mungiako laukoteak. Josu eta Lore Billelabeitia anai-arrebek, Cris Lizarragak eta Lander Zalakainek osatzen dute taldea.

Uda honetan ere agenda beteta duten arren, bi kontzertu bakarrik egingo dituzte Euskal Herrian,  eta horietako bat da gaur, egubakoitza, 22:30ean, Monterron parkean Bergarako La-Tox taldearekin batera egingo dutena –euria bada, gaztetxean.

Musika estilo askoren batura

Ez da samurra Belakoren musika estilo bakarrean finkatzea; adituen esanetan, itxura baten, kantu sinpleak dira, baina, aldi berean, borobilak eta intentsitatez beteak, eta melodia hipnotikoak eta gitarra kolpe bortitzak dituztenak. "Post-punketik asko dugu hasieratik; geroago, grungearen eragin nabarmena ere izan dugu. Elektronika ere gustuko dugu eta house teklatuak ere sartzen ditugu. Estilo askoren batura da egiten duguna, betidanik izan da, baina nahiko iluna", azaldu du Josu Billelabeitiak, taldeko gitarra-jotzaileak.
Euskarazko kantuak dituzte, baina ingelesez abesten dute, gehienbat: "Talde ingelesekin hazitakoak gara, gurasoen eragina izan da hori, The Smiths, The Clash... Gure estiloan ingelesez hobeto geratzen den ustea dago, baina euskaraz abesten ere saiatzen gara, hori da-eta gure eguneroko hizkuntza. Loreren eta bion aitak aspaldi esan zigun disko baten, gutxienez, %20 euskaraz izan behar dela, eta agindutakoa betetzen saiatzen gara".

Udazkenerako lan berria

2013an argitaratu zuten Eurie lehenengo lan luzea. "Tuti-fruti disko bat da: hasierako kantak eta estudioan egindakoak daude. Nerabezaro garaiko diskoa izan zen, freskotasun eta bat-bateko handikoa". Iaz uztailean, autoekoitzitako bi EP –disko labur– argitaratu zituzten: Bele beltzak baino ez eta AAAA!!! "Guretzako aurrerapauso nabaria izan zen guk ekoiztea. Belakoagoa da emaitza. Oso ezberdinak dira: esperimentalagoa, konposizio konplexuagoak ditu lehenengoak eta maketeroagoa, gordinagoa, da bigarrena. Eurie laneko kantak sinpleagoak ziren, eta beste bietan, ostera, kurba gehiago daude, landuagoa da. Bide horretatik jarraitu nahi dugu hurrengo lanean. Lagun batek utzi digun Nafarroako baserri batera joango gara, abuztuan, bozetoa izango dena grabatzera".

Bergarako La-Tox ere bai

Foru Aldundiaren Gaztemaniak programaren eskutik dator gaurko proposamena. Bergarako La-Tox taldearen doinu elektroniko eta experimental ilunek zabalduko dute emanaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak