Axpe eta Ruiz de Azua finaletatik kanpo, gaur, zapatua, Iñigo Uribarrenen txanda da

Iñigo Uribarren, eskuman, hainbat taldekiderekin, Tallinen.

Aste barruan Europako Txapelketako (Estonia) pertika jauziko finaletatik kanpo geratu dira Maialen Axpe (4 metroko saltoaz) eta Malen Ruiz de Azua (3.85), eta gaur, zapatua, Iñigo Uribarrenek hartuko du parte salto hirukoitzean. Arrasatekoak debuta egingo du nazioarte mailako torneo baten, eta marka pertsonala ontzeko asmoz joan da. Arrasatekoak 16:25ean egingo du salto. Saioa hemen ikus daiteke zuzenean.

Espainiako txapelketan salto ederra eginda (15.85eko marka du) sailkatu da Iñigo Uribarren Europako Txapelketara, eta fisikoki %100 ez egoteak ez zion eragotzi Uribarreni urrezkoa janztea, faszitis mingarri bati aurre eginda lortu zuelako gutxieneko marka. Hala, Arrasateko pertika jauzilariak finaletik kanpo geratu ostean Uribarren da 23 urtez azpikoen Europako Txapelketako finaletan ikusteko geratzen den azken aukera. Debuta egingo du halako txapelketa batean, ez du aparteko presiorik, eta esperientzia horretaz gozatzeko asmoz joan da. Eta askotan, halakoetan lortzen dira emaitzarik onenak. Salto hirukoitzeko finalak, berriz, domekan 15:25ean jokatuko dituzte.

Ezkerretik, Maialen Axpe, Malen Ruiz de Azua eta Iñigo Uribarren, Arrasateko hirukoa Tallinen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.