Flamenkoa eta jazza eskutik helduta gaur Arrasateko Jose Letona plazan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko uzt. 10a, 09:00
Antonio Lizana buru duen boskotea zuzeneko baten.

Udaleko Kultura Sailak antolatutako Udazabal ekimenaren barruan proposamen interesgarria izango da gaur Jose Letona plazan (20:00). Antonio Lizana saxofoi jotzailea eta abeslaria buru duen taldea dator, De Viento diskoko abestiak eskaintzeko asmoz: "Flamenkoaren eta jazzaren arteko fusio ederra da, landutakoa eta ondo lortutakoa", adierazi dute Kultura Sailetik. Boskote moduan etorriko dira: Antonio Lizana (saxoa eta ahotsa), Vicent Thomas (bateria), Marcos Salcines (pianoa), Tana Santana (baxua) eta Epi Pacheco (perkusioa). 

Antonio Lizana Quintet taldearen zuzenekoa "ozena, freskoa eta tinkotasun handikoa" izango da: "Bidaia bat izango da Cadiztik New Yorkeraino, neurritasun mezu batekin eta jai mezu batekin ere bai. Konbentzionalismotik harago Antonio Lizanak norabidea aldatuko du musikan estilo berri bat sortzeko, flamenkoaren eta jazzaren arteko fusio bat sortzeko". Euria egiten badu Kulturaten izango da kontzertua.

Gaurko emanaldiaz gain, bihar Sun Magoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute arrasatearrek (ikus 32. orria), Udazabal ekimenari esker. 

Martxa onean hasi da ekimena

Joan den aste bukaeran abiatu zen uztaileko asteburuetan Arrasateko kaleak kulturaz bustitzea helburu duen Udazabal egitasmoa. Hilaren 3an Arrasate Musikaleko Big Bandaren kontzertua izan zen lehen ekintza eta, Kultura Sailaren arabera, 500 bat lagun elkartu ziren Monterron parkean: "Eguraldia lagun, oso ondo egon zen kontzertua. Urtez urte gero eta maila hobea erakusten du Big Bandak, zuzenekoetarako berme bat dira honezkero". 

Uztailaren 5erako, bestalde, ekintza berezi bat antolatu zuten, Ziomara Hormaetxe eta Lasala dantzarien ikuskizuna Zaldibar pilotalekuan: "Zalantzak genituen ea jendeak nola erantzungo zuen, baina harritu egin gintuen ikusteak dantza garaikideak ere interesa pizten duela. Pilotalekuaren ia buelta guztian batu zen jendea. Ordu erdi inguruko emanaldia izan zen eta askori motza egin zitzaien". Dantza garaikidea ikusleen aldetik izan dezakeen erantzunaren ikuspegitik proposamen "arriskutsua" dela diote antolatzaileek: "Askotan gertatzen da jendeak ez dituela halako dantzak ulertzen. Baina igual ez da ulertu behar, ikusi eta gozatzearekin nahikoa izan daiteke". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak