Audientzia Nazionaletik irten berri Arkauzek atzo GOIENAri adierazi zionez, abokatuekin duten harremanaren gainean galdetu zien fiskalak senideei, Eloy Velasco epailearen aurrean. Abokatu horiek zergatik aukeratu dituzten eta azken urtean abokatuei ordaintzeko metodoa zergatik aldatu duten galdetu zieten, besteak beste. Arkauzen ustez, abokatuen eta senideen arteko harremana kaltetzea da zitazio horien helburua. 20 bat minutuko deklarazioak izan ziren eta dena "normal" joan bazen ere, senide gehienak "oso urduri" egon zirela jakinarazi du Arkauzek. Gaur beste zazpi senidek deklaratuko dute eta horien artean daude Juan Mari Sanpedro eta Luis Urrutia arrasatearrak.