Emakumeen Martxak salatu nahi du, feminismoa intersekzionalki ulertuta, "politika neoliberal basatien biktima", hain zuzen, nagusiki emakumeak direla, eta hagatik, haien aurkako bortxa areagotzen dabilela eta, horrekin guztiarekin lotuta, antolatzaileek diotenez, emakumeak direla herrialde askotan oinarrizko eskubideen alde borrokan dihardutenak, ondorioz. 1995ean Quebeceko emakume-mugimenduak egindako oihartzun handiko martxa baten mundu mailako hedapena da Euskal Herrian egingo dena, indarkeria sexista eta pobrezia estuki lotzen direla ulertarazi nahi duena. Hori abiapuntu, gogoeta eta ekintza hezkuntzara, elikadura-burujabetzara, desmilitarizaziora ala sexualitatera zabaltzen dute feministek, haien aldarri behinena baita feminismoaren aurrerabideak dakarrela gizarte osoaren ongizatea.
Euskal Herrian
Euskal emakume-taldeek 2003 urtetik dihardute ekimen honen inguruan lanean. Urte hartan egin zuten lehen martxa eta Euskal Herriko Emakumeen Eskubide Gutuna sortu zen; lau urte geroago onartua. Mobilizazioak eta atxikimendua areagotu nahi dituzte aurten nazioarteko ekintzarekin batera. Europan Kurdistandik Coimbrara (Portugal) karabana feminista egingo da eta Euskal Herritik irailaren 28tik urriaren 4ra bitartean igaroko da.
Elikadura burujabetza
Halaber, aurtengo ekintzaren gogoeta-gune nagusia elikadura burujabetza izanik, ekintza moduan ereite sinboliko bat egitea proposatzen dute talde feministek. Bertako landare bat erein eta taldeka ala bakarka hazitakoarekin argazkia atera eta emakumemartxa@gmail.com helbidera bidaltzea proposatzen dute. Gainera, udazkenean pasatuko den martxak ereindako lur hori jasoko du bidean, borrokaren batasun horren irudikapen sinboliko gisa.