Elektronikan, telekomunikazioetan, mekanikan eta softwarean bilatzen ditu IK4-Ikerlanek langile berri horiek.
IK4-Ikerlaneko Pertsonen saileko zuzendari Jon Etxeberriak honako hau dio: "Teknologia maila handia eta enpresa, unibertsitate eta erakundeen errekonozimendua dituen zentro baten profesionalki garatzeko aukera izango dute langile berriek".
Lan-eskaintza batzuk dagoeneko IK4-Ikerlanen webgunean daude.
Mota askotako proiektuetan lan egingo dute ikertzaile eta teknologo berriek. Batetik, industria arloko enpresa ezagunendako proiektuetan egingo dute lan; besteak beste, CAF, Orona, Alstrom, Fagor Arrasate, Ulma taldea, Copreci eta Fagor Automation enpresendako.
Bestetik, IK4-Ikerlanen etorkizunerako arlo estrategikoetan ere jardungo dute. Arrasateko zentroak dioenez, "etorkizunean, enpresendako soluzio berrietan txertatuko diren abangoardiako teknologiak garatzen dituzten proiektuetan" jardungo dute langile berriek. Zentroaren ikerkuntza espezialitateetako proiektuak dira horiek.
45 doktore tesi
IK4-Ikerlanek doktore tesia egiten dabiltzan lizentziadunak ere hartzen ditu. Azken urteetan, batez beste, 45 doktore tesi egin izan dira bertan, eta zentroan formatu diren doktoreen %85 zentroaren bezero den enpresaren baten lanean hasten da segidan.