Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak hainbat datu eman ditu prentsaurrekoan. Hain zuzen, Espainiako I+G+b idazkari Carmen Velak azaldu zuenez, Atos, Tecnalia eta IK4-Ikerlan dira IKTak aztertzeko Europatik diru gehien jaso duten hiru entitateak.
Honako zazpi proiektu hauetarako jaso ditu IK4-Ikerlanek 2,8 milioi: Gateone, Mantis, Powerbase, Smarter-SI, U-Test, C2Net eta CREMA.
- Gateone proiektuak integratutako sistema inteligenteetan oinarritutako produktu pilotuak elkarrekin garatzeko harremanetan ipiniko ditu ETEak eta zentro teknologikoak.
- Mantis-en helburua da sarean mantenu industrialerako zerbitzu plataforma bat diseinatzea eta garatzea.
- Powerbase proiektuarekin, telefono, ordenagailu eta beste tresna askotarako energia aurrezteko gai diren txip belaunaldi berria garatuko dute.
- Smarter-SI proiektuaren bidez, sistema inteligenteak diseinatu, prototipoak egin eta ekoizteko fabrikazio kooperatibo plataforma europarra sortuko dute.
- U-Test-en, sistema ziberfisikoak testatzeko metodologiak egingo dituzte.
- C2Net-ekin, enpresei, batez ere ertain eta txikiei, hornitzaile-katea ahalik eta modu onenean kudeatzen laguntzeko sarean kokatuko diren tresna informatikoak garatuko dituzte.
- CREMAk makinen osagarri kritikoak nola dauden ikusi eta aztertzeko monitorizazio tresnak garatzen ditu.
Enpresendako balioa sortzeko
IK4-Ikerlanek IKTetan lehiakortasuna eransteko potentzial handia du, esparru horretan eskarmentu handia duelako. Arduradunen esanetan, horrek ahalbidetu dio Europatik diru gehien jasotzen duten erakundeetako bat izatea. Helburua da datorren hamarkadan teknologia horietan izango diren berrikuntzen abangoardian egotea.
IK4-Ikerlaneko Ikerkuntza zuzendari Ana Isabel Martinezek honako hau esan du: "Europan gero eta lehiakorrago izateko lanean gabiltza egunero IK4-Ikerlanen. Enpresendako balioa sortu nahi dugu, eta ahalegin horrek emaitzak ditu: erakundeen babesa dugu. Datu horiek gure ikerkuntza politikari egindako onespena dira, eta erakusten dute IKTekin zerikusia duen ikerkuntzan erreferentzia gisa sendotzen ari garela".