Dragoi Jana
Azken urteetako joerari jarraituz, Dragoi Jana berezko festa egunak baino egun batzuk lehenago egingo dute –lehen, San Juan egunez egiten zen–, ohi bezala AEDk eta AEK-k antolatuta. Herriko Plazan izango da –eguraldi txarrarekin, Uarkapen–, 21:00etan, eta menua betikoa: dragoi-okela piperrekin eta patatekin eta gazta eta menbrilloa: "Azken urteetan ari gara, ahal dugun heinean, hemengo produktuekin lan egin nahian", dio AEDko Itxaro Artolak, ogia, menbrilloa eta sagardoa adibide jarrita, nahiz eta onartu duen okela bertakoa izatea "ezinezkoa" dela.
Txartelen prezioa izango da 8 euro AEK-ko ikasleentzat eta AEDko eta herriko beste euskara elkarteetako bazkideentzat –baita Goiena Klubekoentzat ere–, eta 10 euro gainerakoentzat. Jaizalen, AEKn eta AEDn egongo dira sarrerak salgai, eta 400 jarriko dituzte.
Afalostean, 22:30 aldera, prestatutako gainerako ekintzak hasiko dira. Dragoi trivial-a egingo dute, aurten seigarren urtez: "Jolas honekin beldurrez-edo hasi ginen, Arrasateko jendeak lotsati fama duelako horrelakoetarako, baina lehenengo urtetik arrakasta handia izan du, eta aurten ere egingo dugu proba eta galdera bidezko lehiaketa hori", dio Itxaro Artolak.
Ordu erdi inguru iraungo du jolasak, eta hura bukatutakoan erromeria egongo da Joxe Mendizabalekin: "Soinujolea da, askotariko instrumentuak jotzen dituzten horietako bat; talde askorekin ibilitakoa da, pertsona zaildua". Erromeria.eus izena du haren ikuskizunak; iaz magoa eduki eta gero, aurten musikaren aldeko apustua egin dute, uneoroko arretarik eskatu ez eta "hobeto funtziona dezakeelakoan".
Dragoi Janak, festa atarian mahaiaren bueltan umore onean batzeko aitzakiaz gain, "euskaltzaleen bilgune" ere izan gura duela dio Artolak. Eta, hain zuzen ere, afariko leloa izango da AEDk eta AEK-k EHErekin eta Udalarekin batera antolatzen duten esaldi lehiaketan irabazle suertatu den bera: Euskaraz eta moreak, guztiontzat hobeak. Udalak ateratzen dituen zapietan eta pegatinetan ere joango den esaldiaren egilea Hirune Iribecampos izan da.
'Zeuk iñ zeuk jan'
Dragoi Janeko digestioa egiteko nahiko denborarekin, hurrengo eguenean izango da Arano eta Gartzia Maisu-maistra kalean Zeuk iñ zeuk jan. Kasu horretan, bazkaritarako batuko dira arrasatearrak, eta otordu horren beste bereizgarria da, izenak berak dioen moduan, doazenek ez dutela jakirik prestatuta topatuko, bakoitzak –edo kuadrillak– prestatu beharko duela jan beharrekoa, etxean –eta gero bazkaritara eraman– edo han bertan.
Udalak sutegi kopuru bat jartzen du herritarren eskura, eta horietako bat eskuratzeko eskaria bazkarirako izena ematearekin batera egin daiteke; norberak eramandakoa jan arren, izena eman egin behar da, Jaizalen, Monten, Kajoin edo BAZen. Udalak bazkarirako azpiegitura eta sagardoa jartzen ditu.
Bazkalostean karaokea egingo dute, eta baita umeentzako jolasak ere. Urtetik urtera gero eta indar handiagoa hartzen ari da herri bazkaria; iaz 490 lagun izan ziren: "Festei egiten dien ekarpena da azken urteetan erdi galduta egon den kuadrillen giro hori berreskuratzen laguntzen duela, behintzat, hilaren 25ean", diote Udaleko Kultura arduradunek, arrakasta azaltzeko.