I+G+b bultzatu nahi du proiektuak, merkaturako ikuspuntuarekin. Hain zuzen, trenen sektorera bideratuta dauden produktuetarako soluzio berritzaileetan teknologia aurreratuak ahalik eta azkarren txertatu nahi ditu. Horretarako, Roll2Rail-ek teknologia aurreratuenak aztertu eta zabalduko ditu, trenek %15 bidaiari gehiago eraman ahal izan ditzaten eta %50 puntualago izan daitezen, %30 energia gutxiago erabil dezaten eta %40 gutxiago kostatu dadin trenak egitea. Horrez gain, trenak seguruagoak eta erosoagoak egin nahi ditu, eta zarata gutxiago egin dezaten. Helburua da trenezko garraioa bultzatzea eta sektorea lehiakorrago egitea.
Etorkizuneko trenak
Europako trenaren industriaren elkarteak lideratuko duen kontsortzio bat sortuko dute Europako ekoizle eta eragile nagusiek, eta hor izango dira ere IK4-Ikerlan eta CAF. Proiektuak bi urte eta erdi hartuko ditu eta 16 milioi euroko aurrekontua izango du. Diru hori I+G-ren aldeko Zerumuga 2020 izeneko Europako programatik irtengo da. Programa horren barruan, Mobility for Growth izeneko estrategiaren barruan dago Roll2Rail.
Etorkizuneko trenak egiteko zertan aurreratu behar den identifikatu du Mobility for Growth-ek, eta esparru bakoitzean zeregin batzuk ezarri dira, enpresa bat lider dela. CAFek lideratzen duen zeregin multzoa komunikazio inalanbrikoena da, eta bertan parte hartzen du IK4-Ikerlanek. Helburua da hari bako komunikazio sendo belaunaldi berri bat sortzeko teknologietan ikertzea. Hari bako komunikazio horiek kontrol eta monitorizaziorako erabiliko dira. Trenak hobeto lotu ahal izango dira elkarrekin, eta gainera, trenek orain dituzten hari tona eta ehunka konektore kendu ahal izango dira. Horrela, trenak arinagoak izango dira, lehengai gutxiago erabiliko da haiek egiteko, fidagarriagoak izango dira eta ekoizpena eta mantenua sinplifikatu egingo dira.
CAFendako eta IK4-Ikerlanendako, Europako Batasunak lan multzo hori eurei eman izatea bi erakundeon ibilbidearen "aitortza" da.