Arratsalde osoan izango da III. Lanbai azoka gaur, eguena, lan bila dabiltzanendako

Leire Kortabarria 2015ko eka. 11a, 07:00

Iazko Lanbai azokako elkarrizketa gunea.

Gaur, eguena, Debagoieneko eta kanpoko hainbat enpresa garrantzitsurekin harremanetan ipintzeko aukera izango dute lan bila dabiltzanek III. Lanbai Enplegu eta Prestakuntza Azokan. Enplegu-poltsan izena eman, enpresekin lan-elkarrizketak izan eta parte hartzen duten 34 erakundeekin harremanetan jarri ahal izango dute edozein unibertsitatetan zein Lanbide Heziketako zentrotan ikasitako langabeek.

Hirugarren Lanbai azoka MUk eta Arrasateko Udalak antolatu dute elkarrekin, iaz bezala. Lanbidek ere parte hartu du hura antolatzen.

Inaugurazioa 14:45ean izango da, MUren Goi Eskola Politeknikoaren 11. Eraikinean (Garaia Berrikuntza Gunea). MUko errektore Vicente Atxak, Arrasateko jarduneko alkate Inazio Azkarragaurizarrek, Lanbideko Lan Aktibazioko zuzendari Gotzone Sagarduik eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari batek inauguratuko dute azoka. Ondoren, 15:00etatik 19:00etara, III. Enplegu eta Prestakuntza Azoka egingo da.  

Azokak lau gune izango ditu: batetik, formazio gunea, MUren eskaintza azaltzeko. Bestetik, lan-poltsaren eta beken gunea: Lanbide, MUren lan-poltsa eta ikasle ohien elkartea, Novia Salcedo fundazioa, Arrasateko Udala eta Mankomunitatea bertan ordezkatuta egongo dira, enpleguaren inguruko laguntzen eta programen berri ematen.

Hirugarrenik, enpresen eremua izango da, eta hor, bi gune egongo dira: gune librea bisitari guztiendako, eta hor 37 enpresa izango dira curriculumak jasotzen. Norberak nahi beste enpresatan utzi ahal izango du curriculuma. Debagoieneko eta inguruko enpresa garrantzitsuenetariko asko hor izango dira. Enpresa bakoitzak ondo seinaleztatutako postua izango du. Norberak nahi beste enpresari utzi ahal izango dio curriculuma, eta horretarako, behar adina kopia norberak eraman beharko ditu, ez baita fotokopia zerbitzurik egongo azokako instalazioetan. Paperean edo formatu digitalean eman daiteke.

Bestetik, elkarrizketa gunea izango da, MUko ikasleendako eta ikasle ohiendako bakarrik, eta aurrez hitzordua egin badute.

Iazko Lanbai azokak 800 lagun inguru erakarri zituen, eta aurten beste horrenbeste erakartzea espero dute antolatzaileek.

Susana Azpilikueta - MUko Komunikazio arduraduna

37 enpresa izango dira Lanbain.
Bai, eta aparteko aukera du bailarako eta inguruko jendeak arratsalde baten, toki bakar baten, era askotako 37 enpresarekin egoteko. Aprobetxatzeko moduko aukera da, kontuan hartuz bestela norberak egin behar duen ahalegina.

Iaz azokara joan zirenen jarraipenik egin duzue?
Oso zaila da hori egitea, enpresek ez dutelako unean kontratua egiten, urtean zehar baizik. Jakin badakigu kontratuak egin direla azokatik pasa den jendeak utzi dituen CVen ondorioz, baina ezin dugu esan zuzenean azokarengatik izan den edo ez.

Udal gobernua aldatu egingo da. Berriarekin batera antolatuko duzue Lanbai?
Ateak zabalik ditugu askotariko erakundeekin elkarlana egiteko, bai; gure lan egiteko modua da edozein arlotan. Lehenengo Lanbai azoka MUk bakarrik antolatu zuen; bigarren urtean, Udala hurbildu zen guregana elkarrekin antolatzeko proposatuz. Oso esker oneko gaude Udalarekin eta ikusten da oso ondo joan zitzaizkigula gauzak, bigarrena ere elkarlanean egin dugulako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak