Aurtengo Juul saria jaso du John Anduezaren 'San Ferminetan, Lesakan' liburuak

Jon Berezibar 2015ko eka. 10a, 11:37

Euskal Herri osoko DBHko 3.099 ikaslek aukeratu zuten John Anduezaren San Ferminetan, Lesakan liburua urteko onenari saria emateko. Ekainaren 3an jaso zuen saria egileak, Iruñean, Nafarroako Ikastolen Elkartearen eskutik. Gazteentzako euskarazko literaturaren garrantzia eta beharra nabarmentzen ditu Arrasateko idazleak.

Sariarekin “pozik”, Anduezak nabarmentzen duena da gaztetxoek eurek aukeratu dutela bere lana eta  “pozgarria” dela “gazteentzako gustagarria izateko” idatzi zuelako; gazteek eskertzen dutela “eurentzako bereziki idatzitako lanak egitea”.  Anduezaren helburua bete du lanak, hortaz, eta gazteentzako literaturak duen garrantzi handia azpimarratzen du Arrasateko idazleak, nerabezaroak berak duen garrantziaren jabe. Hain zuzen, “gaztaroa oso inportantea da ze orduan erabakitzen dute euskaraz irakurri ala euskaldun izango direla”, dio, “eta sarri ipar hori galdu egiten da”. Andueza gogoeta horretatik abiatuta hasi zen gazteentzako idazten eta Larunbatean Bukowskin eta horren jarraipena den San Ferminetan, Lesakan lanek izandako harrera onak lanean jarraitzeko motibazioa eman diola dio. Lehen liburua jadanik zazpigarren ediziora iritsi da eta bigarrena ere oso bide onetik doala dio.

Sariketan Euskal Herriko zazpi herrialdeetako 49 ikastolek hartu zuten parte, tartean baita Almen-Arizmendi, Aranzadi eta Txantxikuk ere. DBHko gaztetxoen kategorian, guztira 3.099 ikaslek eman zuten botoa eta John Anduezaren San Ferminetan, Lesakan izendatu dute irabazle. Bigarren sailkatua Jon Arretxeren Beti iparralderantz liburua izan da, eta hirugarren sailkatua, berriz, Jasone Osororen Ezekiel. Beste kategoria batzuetan, Eneko Etxegarai idazlearen Puagg!!, Mario Ramosen Kili txikia, Toti Martinez de Lezearen Nur eta dortoken uhartea, edota Jeff Kinneyren Gizajo baten egunkaria izan dira irabazleak. Euskal Herriko gazte eta nerabeek, azkenik, Juan Luis Landa aukeratu dute ilustratzailerik onena.

Euskal Herriko ikastoletako haurren irakurketaren zaletasuna bultzatzeko, ikastoletan antolatzen diren jardueren bilduma da Juul kanpaina eta bertan kokatzen da sariketa. Greegie de Maeyer ilustratzaile flandiarraren Juul pertsonaiatik hartu du izena ekimenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak