"65 urte dauzkat eta nire adinekonedako zein zaharragoak direnendako errekak izan dira oso jolasleku berezia. Hiru edo lau urte gazteagoak direnek eta ondorengoek hori ez dute ezagutu, errekek, kutsaduraren ondorioz, erabiltzeko moduan egoteari utzi ziotelako". SUDC elkarteko kide Jesus Markaideren hitzak dira, izan ere, elkarte hori aspaldi errekei ematen zitzaien erabilera ludikoa berreskuratu nahian dabil. Izan ere, diotenez, errekak nahikoa garbi daude dagoeneko erabilera ludiko horretarako.
Hiru aukeretatik bakarra oraingoz
Hasiera baten Zerrajera eta Munar inguruan "ibai-parke" edo "ibai-portu" bat egokitu gura zuten askotariko ekintzak egiteko baina Jaurlaritzako URA agentziak bi asmo horiei jarritako oztopoak ikusita, Munar inguruan putzu bat egokitzea da euren egungo asmoa: "Hiru alternatibetatik bakarra da orain bertan egin daitekeena, hau da, Munarreko parkean putzu bat egokitzea".
Erantzun ona orokorrean
Proposamena proiektu bihurtzeko herriko zenbait eragilerekin egon dira dagoeneko eta azaldu dutenez, ona izan da erantzuna orokorrean. Adibidez, Ibai-Arte merkataritza elkarteak hasieratik eman dio babesa proiektuari, herri barruko aisialdi eskaintza osatzeko ekimen guztiak ongietorriak direla sinistuta. Proiektuaren sustatzaileek Udalarengana joko dute Munarreko putzu hori egokitzeko aurre-proiektua egiteko finantziazioa eskatzeko.