IK4-Ikerlanek etapa berria hasi du eta dozena bat ikertzaile baino gehiago behar izango ditu

Leire Kortabarria 2015ko mai. 15a, 15:20

IK4-Ikerlanen aurtengo batzar orokorraren une bat.

Iaz 40 urte bete eta gero, Arrasateko IK4-Ikerlan zentro teknologikoak etapa berria hasi du. Eguen arratsaldean batzar orokorra egin zuen eta zuzendaritza kontseilu berria izendatu du; bere burua Marcelino Caballero zuzendari nagusia izango da. Caballerok esan duenez, "proiektu berri eta itxaropentsuan" lanean dabil IK4-Ikerlan; eta datozen asteetan dozena bat ikertzaile baino gehiago sartzea behar izango du zentroak. Zentroak 2014ko ekitaldian 250 pertsonako talde bat finkatzea eta 17,8 milioi euroko sarrerak lortu ditu.

Caballerok honako hau esan du batzarrean: "Gure eredua bezeroen behar teknologikoetara bideratuta dago, zentroko pertsonen sustapena bultzatuz, eta talentua garatzeko dugun ereduarekin leial izanik: Izan ere, plantillaren % 20 maila handiko prestakuntzan diharduten ikertzaileek osatzen dute". Gaineratu duenez, IK4-Ikerlanek 40 urte baino gehiago daroa "bezeroekin lankidetzan soluzio teknologiko mekatronikoak eta fabrikazio aurreratukoak ikertzen eta garatzen".

Sarreren %60, enpresengandik

Garaia gunean egin da batzar orokorra eta, bertan, IK4-Ikerlaneko lehendakari Iñaki Aranburuk eta Marcelino Caballerok eskerrak eman dituzte joan den urtean zehar zentroa osatzen duten pertsonek egindako ahaleginagatik, horri esker erakundeak bere helburu gehienak bete ahal izan baititu.

"Aurreko ekitaldia oso konplexua izan den arren, emaitza pozgarriarekin ixtea lortu dugu, gure bezeroen leialtasunari esker", baloratu du Caballerok, eta, gaineratu duenez, IK4-IKERLAN nabarmentzeko arrazoia da "bezero oinarri egonkorra daukala, enpresetan ongi banatuta, izan kooperatiboak zein ez kooperatiboak, enpresa txiki eta ertainak eta enpresa handiagoak, e.a.".

IK4-Ikerlanek 17,8 milioi euroko sarrerak izan zituen joan den urtean, aurreko ekitaldian baino pixka bat gutxiago. Enpresekin zuzenean kontratatuta fakturatzen duenaren portzentajea sarrera guztien %60 da gutxi gorabehera, eta, arduradunen esanetan, "horrek argi erakusten du industriaren beharrekin noraino egin duten bat".

Gainera, zentroak 250 pertsonako taldea finkatu du, eta ikertzaileak prestatzeko jardueretan egiten duen ahalegina mantentzea lortu du. Puntu horretan, Caballerok "teknologo eta ikertzaile berriak prestatzeko eta gureganatzeko garrantzi estrategikoa" azpimarratu zuen, "bai IK4-IKERLANen bertan bai gure bezeroenean".

Gero eta pisu handiagoa Europan

IK4-Ikerlanek etorkizunera begira dituen erronketako bat Europako eremuan baliabideak atzitzea da. Berez, urtean zentroan gertatu den albiste nagusietako bat  I+G bultzatzeko Europako Horizon 2020 programan lortutako emaitzak izan dira.
Programa publiko lehiakorretan lortutako sarreretatik (guztien %36,8 izanik) %12,2 Europako Batasunekoak dira. Fondo komunitarioak %50eko hazi dira aurreko urtearekin alderatuta.

Zentroa buru-belarri ari da lanean esparru horretan eragile moduan finkatzeko. 2014an Europako 15 proiektutan parte hartu zuen, eta horietatik hiru gidatu zituen, etorkizunean bezeroentzako soluzioak garatzeko funtsezkoak diren gaietan, horien artean egonik elektronika txertatua, fabrikazio aurreratua eta eraginkortasun energetikoa, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak