-Zer eskain diezaiokezu zure herriari?
Zerbait ematen dit lehenengo pertsonan hitz egiteak. Nahiago dut esatea talde modura eskainiko diogula lana –lanerako prestutasuna–, herriaren ezagutza sakona –uste dut denon artean herriaren argazki on bat dugula– eta, baita ere, dinamizazioan eta taldeen dinamizazioan esperientzia duen jendea –nahiz eta gaztea izan, egondako alorretan, lanean edo aisialdian, jende prestatua da–. Udal barruan dinamizazio lana egiteko ere bai, lantaldeen kudeaketa... Udaletxea, azkenean, langile bolumenez, herriko enpresa handienetako bat da. Zentzu horretan badugu hor jende eskarmentuduna, eta baita herri bizitza dinamizatzen ere, uste dugulako Arrasaten badirela eragileak eta aberastasuna, baina gauza batzuetan badugula zer optimizatu, adibidez eragile arteko zubiak eraikiz, horretarako aukerak sortuz... Guk askotan esaten dugu gure lana dela ekosistema batzuk sortzea, borondateak badaude herrian gauzak egiteko, hori errazteko. Ez dugu ikusten udaletxeak izan behar duenik denaren liderra; beharra egoten bada, aspektu batzuetan bai, baina guk gurago dugu klima bat sortzen lagundu, herriko taldeek eta herritarrek egin dezaten.
Zer esan zizuten zure lagunek esan zenienean alkategai izango zinela?
Gehienek animatu egin ninduten, zorte ona opa, eta esan zidaten espero zutela ondo egingo dudala. Beti dago baten bat esaten dizuna: “Nolako saltsan sartu zaren!”. Salbuespen hori kenduta, orokorrean, animatu, zorte ona opa eta, gainera, euren burua eskaini laguntzeko, eta hori ere inportantea da.
Harritu, inor harritu zen, zure ibilbidea ikusita eta hainbat saltsatan ibili izan zarela ikusita?
Batzuk harritu dira, masterra ikasten ibilita, doktoretza bat tanteatzen ari nintzelako. Honek hori, apur bat, hozkailuan uzten du; emaitzen arabera, baina ez dakit zer egingo dudan horrekin, ziurrenik gaia hozkailuan sartuko dut, eta horregatik, agian, norbait harritu da apur bat, baina besteek esaten zuten ni ezagututa eta saltsan ibiltzea gustatzen zaidala kontuan izanda espero izatekoa zela nik pauso hori ematea.
Kuadrillan baduzu zu moduan busti izan denik?
Kuadrilla oso aktiboa dudala uste dut. Zinegotzi ohi bat daukagu kuadrillan, eta beste alor askotan aktiboa den jendea ere bai: kirolean, kultur taldeetan, euskalgintzan... oso harro nago kuadrillarekin.
Etxean zer esan dizute?
Etxean ere animatu egin naute. Proposamena jaso bezain laster eurekin egin nuen kontsulta, bikotekidearekin eta hurbileneko senideekin, eta animatu egin ninduten; beti dago kezka puntu hori, ze udaletxeko lanak ordu asko eskatzen ditu batzutan, dedikazioa, anonimotasuna galtzearen gaia ere hor dago, esfera pribatutik esfera publikora jauzi egite horrek... Ez dakit gero errealitatean zenbateraino den, baina egia da, batzuetan, sentsazio hori izaten dela: jendearen begiradak edo jendearen komentarioak aldatuko ote diren edo ez; batez ere, gaur egun, klase politikoa nahikoa desprestigiatuta dagoela kontuan izanda –Estatu Espainiarrean gehiago hemen baino, hori ere esan beharra dago–. Laburbilduz, etxekoek animatu bai, babesa eskaini ere bai, baina beti kezka puntu horrekin.
Ez dakit aurretik inoiz joan ote zaren zerrendetan.
Bai, joan nintzen, legez kanpo utzitako zerrenda baten, 2003an.
Eta etxekorik ibili da aurretik udal politikan edo bestelako ardura politikoetan?
Bai, nire aitatxi (aitona) zinegotzi izan zen Orbaitzetan, eta nire osaba Arrasaten ere bai, 1987 eta 1991 arteko agintaldian, HBrekin.
Aholku emailea zara?
Aholkuak, ematekotan, beti errespetuz; noizean behin, bai, baina aholkuak ematea baldin bada katedratik hitz egitea, ez. Aholkuak ematea bada errespetuz eta laguntzeko borondatez, egoki ikusiz gero, bai. Eta galderaren bigarren partea bada aholkuak jasotzekoa naizen, bai. Komentarioak entzun entzuten ditut, ez naiz bereziki egoskorra kontsideratzen, eta beti joaten naiz irekita jendeari entzutera eta ziur buelta batzuk emango dizkiodala.
Aisialdian zer egitea gustatzen zaizu?
Kulturateko langileek esaten didate egun dena han sartuta egoten naizela, ez dakit... [barre] Telesail zalea naiz, irakur-zalea ere bai, hamar bat urtez eskubaloian jokatu dut nahiz eta orain utzita eduki –eta oraindik ere bazkide naiz eta joaten naiz, ahal dudanean, Arrasateko taldearen partiduak ikustera–, eta kontzertuak ikusi... Ez dut beste munduko afizio espezialik.
Eskubaloi taldearekin harro egongo zarete... Uste dut aurten ere oso denboraldi ona egin dutela.
Bai. Gainera, oso polita izan da, talde bera elkarrekin mantendu baita denboran. Pena da orain batzuk uztekotan direla, baina bizitza da, azken finean. Baina bai, oso denboraldi ona egin dute; gainera, oso talde jatorra da, zalegoa inoiz baino gertuago egon da aurten eurengandik eta, zentzu horretan, pozik, bai.
Zu, zure gorpuzkerarekin, ondo moldatuko zinen, pibote edo zentral-edo izango zinen...
Zentrala edo pibotea nintzen, baina ia postu guztietan jokatu nuen. Eta ez pentsa... Beti eduki izan dut beldurra norbaiti min egitearena nire... [barre] Orduan, uste dut inoiz ez dudala nire potentzial dena erabiltzen asmatu, eta uste dut horregatik ere bazela, puntu baten. Batzutan ikusten duzu halako gorpuzkera diferentzia... Eta, gero, bigarren zatia da ez naizela batere trebea izan. Orduan, bai, kirola egiten nuen, oso ondo pasatzen nuen, oso oroitzapen politak ditut, baina jokalari moduan, nire anaiarekin konparatuta, adibidez –askoz trebeagoa da kiroletan–, nik ez dut askorik balio.
Telesailak eta musika aipatu dituzu: telesail bat eta musika talde bat...
Musika talde bat aukeratzekotan, ziurrenik aukeratuko nuke Negu Gorriak. Oraindik ere iruditzen zait suposatu zuen denak, bai jarrera, bai letra eta musika kalitate aldetik, hor goian jarraitzen duela. Telesail bat, oraintxe ikusten ari naizena, House of cards.
Libururen bat oparitzekotan, zer oparituko zenuke: eleberri bat, poesia, autore jakin bat, izenburu zehatz bat? Pertsonaren arabera izango da...
Guztiz. Iruditzen zait literatura erakusten den moduagatik, eta umetatik hala barneratzen dugu, denoi berdina gustatu behar zaigula ematen duela. Aldiz, pelikuletan oso garbi dugu bakoitzari ze estilo gustatzen zaigun: bati gore-a gustatuko zaio, beste bati westerna eta beste bati thriller bat. Inork ez du esaten “niri ez zait zinema gustatzen”, oso jende gutxik. Aldiz, literaturarekin ez dugu jakiten bilatzen norberari zer gustatzen zaion. Beraz, pertsonaren arabera. Uste dut poesia liburu txukunak daudela, eleberri txukunak daudela... Gainera, euskaraz kalitate handiko lanak ateratzen ari dira azken urteetan. Beraz, ahaleginduko nintzateke pertsona ezagutu eta horren arabera aukeratzen.
Aisialdia zeinekin pasatzea duzu gustuko?
Bikotekidearekin edo lagunekin. Familiarekin ere... Aita Orbaitzetakoa da, han dugu familiako etxea, eta opor egun batzuk ere eurekin igarotzen ditut urtero. Baina, astean zehar-eta, batez ere, bikotekidearekin eta lagunekin.
Hedabideei kasu egiten diezu? Jarraitzen dituzu egunkariak, irratia, telebista, Internet...?
Asko; dena. Irratia entzuten gosaltzen dut egunero, Interneta ere bai: aldizkariak, sare sozialak, Facebook eta Twitter. Idatzizko egunkaria ere bai: harpidedun naiz hainbat aldizkari eta egunkarirena. Bai, informazioa jarraitu zalea naiz.
Irratia komentatu duzu goizean. Besteak egun osoan zehar pentsatzen dut.
Bai. Idatzizkoa gehiago gauez, egunaren amaieran. Askotan hori gertatzen zaigu paperera harpidedun garenoi. Eta besteak... gaur egun, azkenean, smartphone bat edukita, edozein momentu libretan atera dezakezu minutu bat ikusteko.
Eguneko egunkaria baino gauza zaharragorik ez dagoela esaten dute, baina zuk gauera arte ez diozu heltzen gainera.
Bai. Nik uste egunkariek badituztela bi parte. Bat, berriena; hori bai geratzen dela zaharra. Baina, gero, egoten diren analisi, artikulu eta halakoen bigentzia zabalagoa da, eta gauez egunkaria irakurtzen hasiz gero, normalean, halakoetan zentratzen zara, ez atzo gertatutakoak irakurtzen, baizik eta horren inguruan kazetari jakinek ze irakurketa egiten duten edo ze aspektu azpimarratzen dituzten.
Zer aldatuko zenuke zure herritik, bihar bertan, zure esku balego?
Lehenbailehen ahaleginduko nintzateke mahai bat osatzen langabeziaren eta prekarietatearen gaiari heltzeko. 31 urterekin, ikusten duzu zure belaunaldiko jendea nola dabilen, jende gazteagoa ere nola dabilen, prekarietate aldetik, lan prekarioz lan prekario... Badut jendea inguruan langabezian denbora luzea daramana ere, eta, nik uste, gai horri helduko niokeela, jarri eta heldu.
Eta udalak egin ditzake gauzak zentzu horretan?
Eskumenei dagokienez, beste erakunde batzuek dituzte, zalantzarik gabe. Nik uste udalak egin dezakeena dela, hasteko, bere enplegu politikan lehentasunak jarri, eta, gero, gaia mahai gainean jarri, diskurtso bat osatu, eta ikusten hasi: ari bagara gazteen emantzipazioa bultzatu guran, bereziki gazte helduenena, nola emantzipatuko dira gazteak ez badute lan duinik? Nik uste badagoela margen bat gauzak egiteko. Eta jendea elkartzea eta, gainera, askotariko jendea, bai izan daiteke udalaren eginkizun bat.
Nola moldatzen zara gazteleraz?
Ondo. Ama gaztelera irakaslea izan da ikastolan urte pila batean. Ez daukat inongo arazorik, ondo.
Baina zure ingurua euskal hiztuna da...
Beno, aita euskaldun berria da, eta faseen arabera, batzuetan, txapurreatzen dugu hizkuntzetan, eta aitan familian, osabak eta, erdaldunak dira, euskara galdutakoak... Hala ere, gure kuadrillan, familian, egunerokotasunean, euskaraz bizi naiz.
Eta ingelesez eta frantsesez egiten duzu?
Ingelesez moldatzen naiz. Oraintxe ere Ameriketako Estatu Batuetan egon gara, eta ondo. Frantsesez ez, alemanez ikasten ibili nintzen urte batzutan, baina hor, egia esan, oso oinarrizko maila daukat.
Zer moduz sare sozialetan? Nahikoa aktibo zara.
Bai, ibiltzen naiz. Orain, egia esan, badut nire barne eztabaida, pertsonatik hautagaira eta hautagaitik hautetsira sare sozialen erabileran ze eragin duen horrek. Orain arte, bai sare sozialak bai bloga pertsonalak izan dira. Eta orain, iristen banaiz kargu publiko izatera, eta espero dut iristea, horrekin nola jokatu badut nire barne gogoeta egin beharra.
Aipatu duzu bloga, Twitter, Facebook, WhatsApp... zein nahiago duzu?
Bakoitzak dauzka bere esparrua, bere funtzionalitatea, bere alde onak eta bere alde txarrak. Iruditzen zait Twitter leku interesgarria dela informazioa jasotzeko, edo erreferentziak jasotzeko behintzat, baina eztabaidatzeko nahikoa leku kaxkarra dela; Facebook, agian, grafikoagoa da, jende gehiago dago, beste informazio bat ematen dizu, kontaktua galduta duzun jende askoren berri, unibertsitateko lagunak eta halakoak... Eta WhatsApp-ak ditu bere alde onak eta bera alde txarrak: 30 laguneko afari bat antolatzeko ona izan daiteke, baina, batzutan, eromenetik gertu uzteko tresna bat ere bai. Kontuz hartu behar dira horiek denak.
Eguraldiaren tartea ikusten duzu telebistan?
Ez.
Orduan ez zenuen inoiz bidaliko zuk ateratako argazki bat eguraldiaren tartera...
Ez. Da fenomeno bat, ikusi izan dudanean noizean behin, harridura sortzen didana, zenbat jendek jarraitzen duen; gainera, gero eta luzeagoa da eguraldiaren tartea, ETBn behintzat, ia albistegia bezain luzea, eta harriduraz bizi dudan fenomeno bat da. Ez dut esaten txarrera, harridura sano batetik bizi dut: “Begira jendeak zelako inplikazioa duen honekin!”.
Alkate bihurtuz gero zein da hartuko duzun lehenengo erabakia?
Alkate banaiz, lehenengo erabakia izango da, ziurrenik, udaletxeko sail desberdinei buruzko informazioa jaso eta patxadaz irakurtzeko tarte bat hartzea. Orain ari gara eragileekin bilerak egiten, euren informazioa jasotzen, ahoz zein idatziz ematen dizkiguten irakurgaien bidez. Beraz, izango litzateke udalari buruzko informazioa eskatzea eta irakurtzea, ni ere janzten joateko.
Zure etxetik gertu zer dago egoera txarrean edo konpontzeko beharra duena?
Nire etxetik gertu Monterron parkea dago, eta iruditzen zait Arrasaten bi buelta eman behar dizkiogula parkeen egoerari: ze erabilera ematen diegun, egiten diren hausturekin zer egin daitekeen, eta, baita, bioaniztasun aldetik-eta, ea parkeetan ze interbentzio egin ditzakegun. Nik, ziurrenik, parkeei emango nizkieke pare bat buelta.