Joxe Manuel Arriola hil da, Arrasateko kalezain "langilea, zintzoa eta zuzena"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko api. 30a, 08:15

Arrasateko aguazilak 1950eko hamarkadan; Arriola, lehena ezkerretik. Argazkia: Laso.

Martitzenean, apirilak 28, hil zen Joxe Manuel Arriola Sorazu, Arrasateko aguazil ezagunena. 1939tik 1981eko martxora arte izan zen kalezaina –hala deskribatzen zuen bere burua– eta batez ere adineko arrasatearrek Arriolarekin izandako bizipenetan oinarritutako hamaika bitxikeria gogoratuko dituzte. Dongi zuen ezizen, baina ez zitzaion batere gustatzen, eta hala deitzen zionari isunak jartzen zizkiola ere gogoratzen dute askok. 

Hala ere, Josemari Velez de Mendizabalek dio kalezain "langilea, zintzoa eta zuzena" izan zela: "Herriko lehen alkateak eredutzat jarri zuen gure gizona, betebeharrean zintzo eta jator jokatu zuelako. Joxe Manuel Arriola, Arrasateko herriari bizitza guztia emanda. Harekin aro oso bat, euskal zaintzaile zaharrena, aldendu zen udaletxetik. Eta gure herriak ez dio oraindik esker onik erakutsi". 

"Arrasate biziki maite dut" 

Debako Goikoetxe baserrian jaio zen, 1916ko ekainaren 15ean. Velez de Mendizabalek 1979an egindako elkarrizketa baten honakoa zioen Arriolak berak: "Gerra denboran Zaragoza ondoko herrixka baten zauritu ninduten. 16 hilabete eman nituen erietxe baten, eta elbarritasun bat izateak aukera eman zidan 1939ko maiatzean instantzia bat egiteko Arrasateko lanpostu baterako". 

Urte hartan bertan hasi zen lanean: "Orduko alkate Domingo Artzamendiren ondoan 1939ko irailean ekin nion udal kalezain izateari. Bederatzi urte egin nituen Pagaldai sendiarekin, apopilo moduan, eta han egon nintzen ezkondu arte. Debakoa daukat emaztea eta lau seme-alaba ditugu, laurak hemengoak. Honako hau esan dezaket: Arrasateko herria biziki maite dut eta Arrasatek ere ni maite nauela uste dut". 

Bertsozale amorratua

Askok ez dakitena da bertso-paper egile fina zela. 1972ko liburu baten jaso zituen ordura arte egindako hainbat bertso. Velez de Mendizabalek berak ere eskaini zion bertso bat 1981eko Santamasetan, Arriolaren Nekez bada ere liburuaren aurkezpenean: Har ezazu Joxe Manuel / zintzo ta jatorra / eskaini nahi dizugun / bihotzeko agurra / arrasatearron alde / egin duzun beharra / horrek bihurtu  zaitu / guztiz mundrautarra. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak