Gustura jaso duzu Arrasateko jeltzaleen alkategaia izateko proposamena?
Sumatzen nuen eskatuko zidatela. Bigarren joan nintzen duela lau urteko zerrendan eta zinegotzia naiz gaur egun. Suertatu zait zuzendaritza talde ezberdinekin lan egitea, eta oso harreman ona izan dut beti. Tratua zoragarria izan da, eta oso babestuta sentitu naiz beti. Alde horretatik nahi nuen nire esker ona adierazi. Bestalde, gogoz ere banago beraz… onartzea erabaki nuen. Independentea izan naiz orain arte. Duela hilabete afiliatu naiz.
Izendapenak aldatzen du egunerokoa?
Argi dago ezberdina dela zerrendan joan eta zinegotzi izatea edo alkategaia izatea. Egia esan dirudiena baino lan handiagoa da. Ez da ikusten zenbaterainoko lana den: kanpaina, bilerak jende piloarekin programa osatzen joateko… ordu asko eskaini behar dizkiozu, eta exijitzen du asko. Baina pentsatzen dut hau zirkunstantziala dela. Nire bizitzako momentu puntual bat dela. Hilabetetxoa gelditzen da kanpaina amaitzeko. Ez da betirako izango.
Enpresa mundutik zatoz.
Bai. Giza Zientziak eta Enpresa ikasi nuen Deustuko unibertsitatean. Ikasketak amaitu eta berehala hasi nintzen lanean, 23 urterekin. Arrasateko JMA enpresan, hain zuzen ere. Horrela ezagutu nuen Arrasate. Urtebete egin nuen bertan lanean eta Antzuolako Goizper kooperatibara mugitu nintzen. 2004tik dihardut bertan lanean, esportazioen alorrean. Asko bidaiatzen da, oso gustuko dut.
Eusko Jaurlaritzan zaude, egun.
Bai. 2012ko Gabonetan dei bat jaso nuen. Niretzat sorpresa handia izan zen. Eskaini zidaten Eusko Jaurlaritzako gizarte ekonomia zuzendari izatea lau urtez. Goizpereko nire arduradunarekin aipatu nuen gaia eta onartzera animatu ninduen. Aukera ona zela esan zidan eta esperientzia aberasgarria izango zela. Esan zidan Eusko Jaurlaritzara joango nintzela eta kooperatibak izango nituela ardura, euskal kooperatiben kontseiluan egongo nintzela… Eta azken finean beti izango nuela itzultzeko aukera.
Babes horrek aurrerapausoa ematen lagundu zidan, eta baiezkoa eman nuen. Eta uneotan Eusko Jaurlaritzan nago Goizper enpresan eszedentzia hartuta.
Esan duzu oso gustuko duzula bidaiatzea.
Bai, asko gustatzen zait. Hizkuntzak ikastea ere bai.
Zenbat hizkuntza hitz egiten dituzu?
Euskara eta gaztelaniarekin batera alemana, ingelesa eta frantsesa.
Egin duzun ibilbide horrek lagunduko dizu datozen zeregin berrietan?
Baietz esango nuke. Hamar urte dira Arrasaten bizi naizela, eta beti iruditu zait Arrasate oso potentzial handiko herria dela. Ezaguna munduan. Baina ez dakit zergatik ez da potentzial hori aprobetxatu. Uste dut eman diezaiokegula buelta bat horri guztiari, Arrasate izan daitekeela herri esanguratsua mapan. Uste dut hor badagoela lana.
Eta gustura zaude Arrasaten bizi izaten?
Gustatzen zait Arrasate. Akaso umeak jaio aurretik gehiago jotzen nuen Urretxu-Zumarragara, baina gaur egun gustura nago hemen.
Oso ezberdinak dira Arrasate eta Urretxu-Zumarraga?
Oso ezberdinak. Eta esango nuke Gipuzkoako edo Goierriko beste herriekin konparatuta dela ezberdina Arrasate. Hemen oraindik ere ez da egiten politikoki bizitza normalizatua. Arrasate, hor, esanguratsua da. Ez dakit zerikusirik duen hemendik irteteko garraio azpiegitura erosorik egon ez izana. Ez dakit zerikusirik duen, baina Gipuzkoako beste herri gehienekin konparatuta hemen, oraindik ere, normalizazio puntu bat falta dela esango nuke. Hor ere badago zer egina.
Zer egiten duzu denbora librean?
Bi seme ditugu: Markel sei urtekoa eta Joanes 17 hilabetekoa eta uneotan eurei eskaintzen diet daukaten denbora libre ia guztia. Gustatzen zait baita ere lagunekin elkartzea kuadrilako bazkariak egiteko, osteratxo bat emateko… Baina batez ere umeekin egoten naiz. Joaten gara paseo bat ematera, bizikletan ibiltzera… Azkenean, astean zehar, goizean eta gauean ikusten ditut, eta nire denbora librea eurendako da.
Alde horretatik laguntza handia eduki dut gizonaren eta haren gurasoen aldetik. Ezin zara zeregin hauetan ibili atzetik laguntza hori ez badaukazu. Gizona Arrasatekoa da. Amaginarreba eta aitaginarreba ere bai, eta hemen bizi dira. Eman didaten laguntza ez diet inoiz ordainduko.
Askotan joaten zara Urretxu-Zumarragara?
(Irribarre) Saiatzen naiz aste bukaeran behin joaten, edo larunbatean edo igandean. Azkenean han ditut gurasoak, izeba-osabak, aitona-amonak… Aitona bat, gainera, nahiko txarto dago. Pentsatzen dut ez zaiola askoz ere denbora gehiago geldituko. Txikitan eurek zaindu naute eta lotura handia dut. Saiatzen naiz umeekin bisitan joaten.
Plaza zaila da Arrasate EAJrendako?
Bai.
Zein zailtasun dauzkazue?
Nire ustez normalizazio politikoa beranduago etorri da hona. Azken urteotan sumatu dut aldaketa bat. Jarreretan, batez ere. Uste dut jendea, orain, gehiago animatzen dela bere iritzia ematera. Lehen gehiago zaintzen zen zer esan eta zeinen aurrean esan. Poliki-poliki jendea gehiago ausartzen da pentsatzen duen hori esatera, eta uste dut horrek baduela zerikusia ezker abertzalea politika munduan sartu izanarekin. Legealdi bat darama politikan. Foru Aldundian dago… Nire ustez, hori, ona da. Horrek normalizazioa suposatzen dut denondako eta oso aurrerapauso inportantea da hori.
Hauteskundeetako emaitzak eramango zaitu zure ardurak berrantolatzea?
Hori ikusi egin beharko da. Azken urteotan ikasi dut ezin dela planik egin. Egiten duzu eta gutxien espero duzuenean sekulako aldaketa dator. Esaterako, Arrasatera etorri nintzenean bizi izatera ez nuen inoiz pentsatu hemen biziko nintzenik edo Eusko Jaurlaritzan sartuko nintzenik edo zinegotzi izango nintzenik… Azken urteotan aldaketa esanguratsuak izan ditut eta horrek erakutsi dit azkenean ezin duzula planik egin. Orduan… joango gara ikusten.
Zerrajeran bizi zarete. Aukeratuko zenituzke Arrasateko bi txoko?
(Zalantza) Sebero gustatzen zait. Erdigunean dago eta beti dabil jendea atzera eta aurrera, umeak jolasean.... Gustatzen zait. Eta gustatzen zait baita ere Kontzeziño. Eguraldi txarrarekin batez ere oso ondo dago umeekin paseatzera joateko. Han ibiltzen gara gu ere gora eta behera.