Gaur, domeka, Gure artzain onaren eguna ospatzen den egunean, Donostiako gotzain Jose Ignazio Munillak Arrasateko parrokian meza esan du, On Jose Maria Arizmendiarreta jaio zela 100 urte bete direnean. Munillak gogora ekarri du kooperatibismoaren inspiratzailea eta sortzailea, eta, hark egindako lana goraipatu du.
Azaldu du nola jaio zen Markinako Iturbe baserrian orain dela 100 urte, semerik zaharrena izan zela eta baserri inguruan eta erlijio katolikoz hezitakoa izan zela. 1927an, 12 urterekin, lehenengo aldiz jaioterria utzi eta Bizkaiko seminario batean sartu zela gogora ekarri du eta han mundu berri bat deskubritu zuela. 1932an filosofia ikasten hasi zela, eta, 1936an, 21 urte zituela, gerra zibila ere jasan behar izan zuela. Gerra amaitu ostean, Gasteizko seminariora joan zen eta Arrasatera etorri zen 1941ean. Arrasatera iristean, arreta herriko gazteengan jarri zuela adierazi du Munillak, eta gogoz ekin ziola ebanjelizatzeari. 1955ean sortu zuen lehen enpresa kooperatiba eta 1976an hil zen Arrasaten.
Munillak On Jose Maria Arizmendiarretaren hainbat ekarpen azpimarratu ditu gero. Eta besteak beste, hauxe azaldu du ikuspuntu sozialetik: "Demokrazia ekonomia praktikara eramatea nahi izan zuen, eta, oraindik hemen jarraitzen du berak bultzatutako sozio-ekonomia ereduak". Aldaketa serioak "gauetik egunera" ezin zirela egin ere esaten omen zuen Arizmendiarretak, baina berak beti esaten zuela aurrera egin behar dela beti. Santu izendatzeko bidean, kontuak beste dimentsio batean kokatzen duela ere esan du Munillak.
Ordubete pasako meza izan da eta parrokia jendez beteta egon da. Zutik ere izan dira herritar batzuk eta parrokiako abesbatzak dotore abestu du. Amaieran, parrokiara bertaratutakoen txalo zaparrada bat ere jaso dute abesbatzako kideek.
Omenaldia, meza ostean
Goi Eskola Politeknikoko lorategira joan dira mezaren ostean Arizmendiarretaren familiakoak, Arizmendiarretaren Lagunak Elkarteko kideak eta baita Arizmendiarretarekin batera lan egin zuen Jose Maria Ormaetxea eta beste fundatzaile batzuen familia artekoak ere.
Ekitaldi "xumea", baina "bihotzez egindakoa" izan da, Arizmendiarretaren Lagunak Elkarteko Jose Mari Larramendirendako. Aurreskuarekin eman zaio hasiera ekitaldiari eta ondoren hiru pertsonek hartu dute hitza.
Hasteko, Larramendik adierazi du 2007an sortu zutela Arizmendiarretaren Lagunak elkartea 30 lagun inguruk, eta, geroztik, lanean dihardutela Arizmendiarretaren hondarea eta pentsamendua gizarteruntz eta belaunaldi berriengana hurbiltzen.
Mondragon Unibertsitateko errektore Bixente Atxak hartu du hitza gero. Esan du nahiz eta Arizmendiarreta pertsonalki ez ezagutu, ezagutzen dituela hark garatutako proiektuak. "Arizmendiarretarentzat hezkuntza zen tresnarik onena gizartea eraldatzeko, eta bere asmoa zen gazteak formatzea, gero gazte horiek gizartea eraldatzeko". Gaineratu du, hori dela Mondragon Unibertsitatearen gaur egungo konpromisoa; gazteen formazioa, gero horiek gizarte hobe bat bultza dezaten.
Amaitzeko, Arizmendiarretaren lankide izandako Jose Mari Ormaetxeak hainbat oroitzapen ekarri ditu gogora eta lore eskaintza egin diote lorategian dagoen Arizmendiarretaren eskulturari.
Ekitaldiaren amaieran, Arizmendiarretaren iloba Jose Antonio Oregik adierazi du meza polita izan dela, abesbatza ere zoragarri egon dela, eta omenaldia bere osaba zenari gustatuko litzaiokeen moduan, apala, baina polita izan dela.