Mikel Nuño: "Aiba! mendi martxan ez dugu erritmorik zehaztuko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko api. 23a, 13:03

Mikel Nuño.

Astelehenean, hilak 20, ireki zuten ekainaren 7an egingo den Aiba! mendi martxarako izen-ematea. Besaide Mendizale Elkarteak hartu du Elortondo anaiek 2006an lehenengoz antolatu zuten Aiba! mendi martxa antolatzeko ardura. Mikel Nuñoren arabera, Aramaio ibarra zeharkatzen duen martxa hori ezagutzen ez dutenak ez dira damutuko izena emanez gero: "Benetan ederra dela ibilbidea".

2012an egin zen azken Aiba!. Zergatik eman zen etenaldia?

Elortondo anaiak ziren martxa antolatzen zutenak baina antolatzeari uztea erabaki zutenean guri proposatu ziguten ea erreleboa hartu gura genuen. 2014an egiteko asmoa genuen baina berandu ekin genion eta erabaki genuen 2015ean egitea. Antolatzeko orduan dena erraztu digu Elortondo anaiek egindako lanak.  

Mendi lasterketak horren modan dauden garaian badu zentzurik mendi martxa bat antolatzeak? 

Azken urteetan asko aldatu dira gauzak. Modan jarri da mendian korrika aritzea; lehen oso arraroa zen pertsona bat arineketan ikustea eta orain ia ohikoena bihurtu da. Gu ez gaude lasterketen kontra eta ez dugu erritmorik zehaztuko; izan ere, martxa batzuetan denbora-mugak jartzen dira kontroletik goizegi ez pasatzeko. Guk ez dugu hori egingo, parte-hartzea guztiei ireki gura diegu. Hori bai, argi utzi gura dugu Aiba! martxa bat dela eta ez lasterketa bat. Mendiaz gozatzeko aukera ematea gura dugu eta irabazle parte hartzaile guztiak direla argi utzi. 

300 parte hartzaileko muga jarri duzue. Beteko da izen-ematea?

Asteon ireki dugu izen-ematea eta oso goiz da erantzuteko. 2012an, antolatu zen azken urtean, sekulako beheraldia izan zen. Horren harira, erabaki dugu kuota jaistea. Izan ere, lehen oparia ere oso ona zenez, nahiko garestia zen izen-ematea. Orain, kuota asko merkatu dugu eta opariak zozketatu egingo dira. 300 parte hartzaileko mugara heltzea zail ikusten dut baina inoiz ez da jakiten. Astelehenean ireki genuen izen-ematea eta lehen egunetan 50 bat lortu ditugu. Ikusiko da, ona litzateke mugara heltzea... 

Ezer gaineratu gura duzu?

Arrasatearrei eta arrasatearrak ez direnei gonbidatu gura diet Aiba! mendi martxa zer den ezagutu dezaten. Parte hartzaileek konprobatu ahalko dutenez, benetan ederra dela ibilbidea, ez dira damutuko. Eguraldi ona egiten badu egun borobila izan daiteke. 

(Argazkia: ibilbide motzaren (34 kilometro) zein luzearen (41 km.) mapa eta perfila)

Izen-ematea, maiatzaren 31ra arte

Maiatzaren 31ra arte eman ahalko da izena, www.kirolprobak.com atarian. 18 urtetik gorako mendizale guztiek hartu ahalko dute parte; adin txikikoak, gurasoen baimenaz eta nagusi batez lagunduta. Bi ibilbide daude: luzea, 41 kilometro eta 2.821 metroko igoera metatua duena, eta laburra, 34 kilometro eta 1.906 metroko igoera metatua duena. Prezioa: federatuek zazpi euro eta besteek 12 euro. Informaziorako e-posta: aiba@besaide.org

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak