Markinaren ondoren, Arrasateren txanda da Arizmendiarrieta omentzeko

Leire Kortabarria 2015ko api. 24a, 08:00

Arizmendiarrietari eginiko monumentua, Barinagan.

Mondragon Korporazioaren lehengo eta oraingo kideek bereziki dute gogoan egun hauetan On Jose Maria Arizmendiarrieta, kooperatibismoaren inspiratzailea eta sortzailea, bere jaiotegunaren –1915eko apirilaren 22a– mendeurrenean. Korporazioko garai guztietako ordezkari ezagunak, bazkideak eta agintariak dabiltza data hori ospatzen, eta ziur horietako asko batuko direla etzi, domeka, Arrasateko parrokian Donostiako gotzain Jose Ignazio Munillak esango duen meza ospetsuan. 

Ekitaldi garrantzitsu batzuk egin dira dagoeneko. Hala, apirilaren 12an, San Juan Bataiatzailearen parrokian, Arizmendiarrietaren gaineko panelaren eta ikus-entzunezkoaren erakusketa inauguratu zuen Horazio Argarate parrokoak. Maiatzaren 11ra arte egongo da zabalik.

 

Hilaren 17an, egubakoitza, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Sainz Alfarok zuzenduta, esklusiboki Markinako abadearen omenezko kontzertua egin zuen Donostiako Kursaalen, Wagner, Verdi, Mascagni, Txaikovski, Guridi, Usandizaga, Sorozabal eta Laboaren piezekin.

Urkullu eta Sotil

Omenaldi nagusia astelehenean, hilak 20, izan zen. Markina-Xemeingo Barinaga auzoan, jaiotetxean, omendu zuten Arizmendiarrieta familiakoek, lankide eta kooperatibista askok eta maila goreneko ordezkari eta pertsona esanguratsuek: Iñigo Urkullu lehendakariak, Mondragon Korporazioko presidente Javier Sotilek, Bilboko gotzain Mario Izetak –meza ospetsua esan zuen horrek Xemeingo elizan–, Arizmendiarrietaren lankide izandako Jose Maria Ormaetxeak eta abadearen familiak, Jose Antonio Oregi Arizmendiarrietak ordezkatuta.

 

Hitzaldi bana egin zuten Urkulluk eta Sotilek; lehenengoak haren "pertsona, balioak eta legatua" azpimarratu zituen. Gaineratu zuenez, Arizmendiarrieta "jarraitu beharreko eredua" da, izan ere, "pertsona" zen haren ekintzaren ardatza, eta "gazteen formazio integralaren aurrekari" izan zen. Sotilek, bere aldetik, "elkartasuna, kooperazioa, ingurunea eraldatzeko zuen nahia" eta "etorkizuna aurreikusteko gaitasuna" txalotu zituen.

Barinagan, Aita Arizmendiarrietaren omenezko Monumentuan lore eskaintza ere egin zuten.

Kanonizazioa, aurrera

Aurrera jarraitzen du Jose Maria Arizmendiarrietaren kanonizazio prozesuak, eta hain zuzen, apirilean bertan, Vatikanoko Kongresu Berezia Arizmendiarrieta beneragarri aitortzearen alde agertu da. Kongresu hori bederatzi teologok osatzen dute, eta aho batez babestu dute aitortza edo izendapen hori egitea.

Iritzia sekretua da oraingoz, baina laster jakinaraziko da. Kardinalen Batzordeari helaraziko diote orain erabaki eta iritzi hori, eta batzorde horrek erabakiko du proposamen hori bere egiten duen Aita Santuaren aurrean. Horrek erabakiko du Markinako abadea beneragarri aitortzen duen edo ez.

Beneragarri izendatuko balute, bukatutzat joko litzateke kanonizazioaren bigarren fasea. Lehenengo fasea 2007an hasi eta 2009an bukatu zen, Arizmendiarrietari Jainkoaren morroi izendapena eman ziotenean.

Doktrina errealitatean islatu

Abade gaztea Arrasatera bidali zuten 1941ean. Gazte kristau asko haren jarraitzaile egin ziren, bere mezuak erakarrita –Gogoetak izeneko bilduman batzen dira bere esaldi asko–: "langileek ez dute Elizaren gizarte doktrinan sinistuko ez badute bere ekintza sozialen errealitatean islatuta ikusten"; "Inork ezin du lanaren duintasunaz hitz egin guk, kristauok, adinako eskubideaz eta zuzentasunaz"…–, eta Eskola Profesionala sortu zuen eta hara ikastera bidali zituen. Gero, balio humanistak eta kristauak oinarri izango zituen enpresak –kooperatibak– sortzen lagundu zien. Hortik irten ziren Ulgor, San Jose kooperatiba (Eroskiren ernamuina), Caja Laboral (gaur Laboral Kutxa dena) eta beste asko.

Alfontso Gorroñogoitia: "Euskal Herriak eman duen pertsonaiarik inportanteena da"

Arizmendiarrietaren hasierako lankide izandako Alfontso Gorroñogoitia ere izan zen Markinan, eta domekan Arrasateko meza ospetsuan koruko kide gisa ere parte hartuko du: "Meza ederra abestuko diogu".

Harendako, "Euskal Herriak eman duen pertsonaiarik inportanteena" da Arizmendiarrieta. Eta honako hau azpimarratzen du Markinako abadearen inguruan: "Talentu pribilegiatua eta bokazio izugarria zituen. Gauza guztiak egiten zituen ez bere pertsonarekin pentsatuta, baizik eta herriarekin; fedearengatik eta bere ideiengatik egiten zuen dena".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak