Bederatzi urtetako lanaren fruitu txikia baina dotorea da hiztegia (Elkar liburu-dendan daukate salgai). "Euskara-bretoiera atala bukatu nuen lehenengo eta gero alderantzizko lana hasi nuen. Baina konturatu nintzen 500 bat berba falta zirela eta berriro hasi behar lanean…", dio irribarrez.
Euskara ikasi gura duen edozein bretoirendako lan tresna dela dio an Habask-ek, eta gaineratu du: "Baita bretoiera ikasi gura duen edozein euskaldunendako ere". Txikia egin gura izan du, edozein ikaslek samur erabiltzeko modukoa eskuartean, baina horretarako ondo aukeratu behar hitzak: "Ez da izan samurra hitzak aukeratzea, adibideak eta esamoldeak zehaztea… Beste hiztegi batzuk hartu ditut eredutzat, Lur hiztegia, esaterako".
Irakurri eta ikasi
Hizkuntzak maite ditu eta horrek bultzatu du euskara ikastera. Baina zergatik euskara? "Hiztegiaren hasieran zera idatzi dut: Euskal Herria eta Bretainiaren arteko zubi bat eraiki nahi dut. Benetan garrantzitsua da niretako hori", dio. Sasoi baten hainbat iheslari iritsi ziren Bretainiara eta orduan izan zuen euskararekin lehen harremana. Gero bere kabuz ikasten hasi zen, batez ere, aldizkariak eta liburuak irakurrita: "Bosgarren Bakarka metodoarekin nabil eta aldizkariak irakurtzen ditut, baita Sarrionaindia ere". Eta urtean behin Arrasatera etorrita praktikan jartzen du ikasitakoa.
Aspaldi etorri zen lehenengoz Arrasatera, ez du gogoan urtea: "Xabier Zubizarreta zen alkatea eta berak hartu gintuen". Hain zuzen Zubizarretari eskaini dio hiztegia. Azken hamabost urteotan, ostera, Arizmendi ikastolakoek gonbidatuta dator.
Herri txikiak elkartzeko deia
Bretoieraren egoerak kezkatzen du; asko, gainera. "Gure hizkuntzaren egoera larria da: ez daukagu ofizialtasunik; gure eskolak oso txikiak dira; irratian ezer gutxi entzuten da…". Bretoieraz irakasten duten Diwan eskolek 4.000 ikasle dituzte eta beste 15.000 inguruk bi hizkuntzatan dihardute eskola publikoan: "Baina bretoiera astean sei bat ordutara dute murriztua. Askok diote eskolan emandakoarekin nahikoa dela, eta ez da egia". Euskararen egoera "oso ona" dela uste du, baina badaki iparraldean bestelako egoera bizi dutela, eta indarrak batzea ezinbestekotzat jo du. "Herri txikiok elkarrekin egin behar dugu lan, estatu frantsesa eta espainiarra indartsuak direlako".
Erretiratu egingo da datorren urtean baina argi dauka lanean jarraituko duela, bretoieraren alde lanean.