Udalak, "jarrera arduragabe" horiek salatzeaz gain, hondakinak ondo berezitzea eta dagozkien edukiontzietan uztea "ezinbestekoa" dela gogora ekarri du:"Sistema honekin ere emaitza onak atera ahal ditugu, baldin eta denok ganoraz jokatzen badugu. Azken finean, gaizki egitea gehiago kostatzen da eta garestiagoa irteten da, zentzu guztietan. Azpimarratu gura dugu hondakinak behar bezala sailkatuta ateratzea ezinbestekoa dela adostutako %70eko bilketa selektibo mailara hel gaitezen aurreikusitako bederatzi hilabeteetan".
Plastikozko poltsarik ez organikoaren edukiontzietan
Horrez gain, sistema berria hasierako fasean dagoen honetan ikusi dute beste arazoetako bat da organikoaren edukiontzietan plastikozko poltsak agertu direla: "Bestetik, hasieran zenbaitek poltsa lurrean uzten zuten baina, orain, badirudi arazo hau konpondu dela", gaineratu dute.
Herritar guztien ardura
Amaitzeko, Udalak gogora ekarri du helburuak betetzea arrasatear guztien ardura dela: "Oraindik hondakinak gaika biltzeko modu hau probatzen hasi berriak gara. Badakigu hasieran kosta egiten dela, baina berriz azpimarratu gura dugu arrasatear guztion ardura dela froga garai honetan markatutako helburuak betetzea: guztiak animatu gura ditugu hondakinak ondo berezitzera eta dagozkien edukiontzietan botatzera".