Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Maria Ubarretxena (EAJ): "Azoka berrirako kokalekua ez da egokia Arrasateko komertzioa indarberritzeko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko mar. 27a, 12:19

Azoka Plaza, artxiboko irudian.

EAJko alkategai Maria Ubaretxenak prentsa ohar bidez plazaratu duenez, Azoka Plazaren egungo kokalekua "guztiz desegokia" da: "Azokak erakargarria izan behar du, kokagune aldetik sartzeko erraza, lur gainean dagoena eta ikustearekin bakarrik sartzera gonbidatzen zaituena", adierazi du.

Era berean, Ubarretxenak gaineratu du EAJ azokari erantzun egoki bat ematearen aldekoa dela: "Prozesuan parte hartzen saiatu gara, ekarpen aberasgarriak egin eta denon artean Arrasateko azokaren gainbeherari behin betiko soluzioa emateko asmoarekin, Bagara Herrigintza Koop. dinamizaturiko prozesuan parte hartuz. Bi urte eta erdi luze iraun du prozesuak eta azkenean batzordea utzi behar izan genuen gure proposamenak ez zirelako aintzat hartzen". 

"Proiektu estrategikoa"

Arrasateko Azoka berriaren proiektua estrategikoa dela uste dute jeltzaleek eta herriko komertzio txikia bultzatzeko motorra izan behar duela. “Horregatik, azterketa sakon bat egitea proposatzen dugu eta lekua aldatzeko dauden aukera ezberdinak ondo baloratzea. Guk Biteri Plaza edota Laubideko aukerak jarri genituen mahai gainean, edota postu finkorik gabeko azoka bat, baina beste aukera batzuk ere aztertzeko prest gaude” argitu du EAJ-PNVko alkategai Ubarretxenak.

Honakoa ere gaineratu du prentsa oharrean: "Komunikabideen bidez jakin dugu azokan geratzen diren postuko arduradunek ere zalantza handiak dituztela Bilduren udal gobernuak aurkeztutako asmo eta baldintzekin. Hori horrela izanik, merezi du bi milioi euro gastatzea etorkizunerako berme gutxi eskaintzen dizkigun proiektu batean?" galdegin du EAJk. 

Epe luzerako plangintza eskatzen

Amaitzeko, honako galdera egin du hautagai jeltzaleak: "Ez al da hobeagoa aukera ezberdinak ondo aztertu eta etorkizunerako proiektu indartsu bat burutzea?" esan du hautagai jeltzaleak. Epe luzerako plangintza egitea "ezinbestekoa" dela uste dute: "Guztion arteko akordioak bilatu eta Arrasaterendako onena den proiektua gauzatu behar da". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak