Arrasateko Makatzena auzoak hobera egin du nabarmen, barrutik zein kanpotik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko mar. 13a, 16:22

Arrasateko Makatzena auzoko eraberritze lanek emaitza ikusgarriak eman dituzte. 17 eraikinetatik zortzitan, Eusko Jaurlaritzaren Revive planari esker, lan garrantzitsuak egin dira. Obrei esker hezetasun zein isolamendu arazoak konpondu eta oztopo arkitektonikoak gainditu dira, besteak beste. Gas propanotik gas naturalera ere egin dute salto eta Udalak aurreikusita du Makatzena kalearen atzeko errepidea ere berritzea udazkenean. Bizilagunak, oro har, pozik daude aldaketarekin. 

"Obrak egin osteko lehen negua igaro dugu eta hobekuntza nabarmena da. Lehen etxe barruko berotasuna izugarri galtzen zen eta orain ez daukagu galerarik. Energia kalifikazio askoz hobea lortu dugu eta kanpoko itxurari dagokionez ikustea besterik ez dago lehengo eta oraingo itxura. Irisgarritasun aldetik ere asko irabazi du auzoak". Makatzena auzoko bizilagunen komisioko kide Aritz Muruaren hitzak dira, auzoan 2013ko abenduan hasitako eraberritze lanak eragindako aldaketaren gainean berbetan. 

Aurrekari gabeko laguntza 

Eusko Jaurlaritzaren Revive planari esker egin dira lanak auzoan dauden 17 eraikinetatik zortzitan –beranduago beste bi eraikin ere sartu dira; horietan lanean dihardute orain. Suradesak eskatuta, Jaurlaritzak aurrekari gabeko laguntza ekonomikoa eskaini zuen Revive plan horren bidez, 1,8 milioi euro pasatxokoa –gehienez 15.000 euroko laguntza etxebizitzako, lanen %50. Hori ezinbesteko laguntza izan zen bizilagunei proiektu osoaren kostua, ia 3,6 milioi eurokoa, gainditzeko. Etxeen hezetasun eta isolamendu arazoak konpondu dira, kontsumo maila txikiak ematen dituen C energia kalifikazioa lortu da, hainbat oztopo arkitektoniko kenduz irisgarritasuna nabarmen hobetu da eta etxeetako auto-aireztapena bermatu da, besteak beste. 

Era berean, gas propanotik gas naturalerako aldaketa ere egin dute: "EDPk esan zigun obra eurek ordainduko zutela, bizilagunen gehiengoak babestu ostean eta gutxienez urtebetez zerbitzua ematearen truke. Zenbakiak ikusi eta asko aurrezten genuela ikusita, ia guztiek onartu zuten aldaketa; bada, aurrera. Obra nagusiarekin batera egin da gas naturalaren instalazioa, modu koordinatu baten", gogoratzen du Muruak. Bestalde, proiektuan sartu ez direnen auzia ere azaldu du Muruak: "Jaurlaritzaren irizpidea izan zen. Etxadi osoak izan behar ziren obran sartzen zirenak; sartu ez zirenetako bi dira orain obretan daudenak beste laguntza bati esker". 

Udalaren babesa

Lan batzuk egiteke daude, azken ukituez gain: 2 bis eraikineko igogailua, auzo barruan dagoen arrapala berezia eta Makatzena kalearen atzealdeko errepidea. Azken lan horretarako, hasieratik egin moduan, Udalak laguntzen jarraituko du ahal duen heinean. Aurtengo udal aurrekontuetatik 73.000 euro bideratuko dira errepide zati horretako arazoa konpontzeko. Auzoko obra osoa amaitu behar da lehenago eta udazkenean hasiko dira errepideko lanak.

Muruak Jaurlaritzaren zein Udalaren laguntza eskertu du: "Ahalegin garrantzitsuak egin dituzte obra errealitate bihur dadin. Oraindik badago zer egin, baina ziur dena ondo irtengo dela". Esaterako, proiektu bat badago Hondarribia kaletik Makatzena auzoa igogailu publiko batekin lotzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak