Aitor Zubiaga: "Ohartu behar dugu inguru pribilegiatu batean bizi garela"

Maialen Torres 2015ko mar. 6a, 16:47

Aitor Zubiagak Besaideko presidente izatea kargu formala besterik ez dela dio, baita elkartearen gidaritza taldean egiten dutela ere. Iazko urteari, nolabait esatearren, "trantsizio" deitu dio, baina aurtengoa "indartsu" hasi dutela argi dauka.

Zein da elkartearen filosofia?

Besaide gure inguruari, mendiari eta naturari lotutako ekintzak planteatzeko plataforma gisa ikusten dut nik. Zabalik gaude herrira, eta nahi genuke jendeak beldurrik gabe ekintzak proposatzea. Kirol elkartea gara, baina ingurumenarekin ere harreman estua daukagu. Ez daukagu futbol-zelai edo atletismo-pista baten beharrik, mendia da gure ingurunea eta hori zaindu nahi dugu.

Urte hasiera indartsua izan duzue.

Hala da, eta oso pozik gaude, gainera. Esaterako, erraketekin Ordesara egin genuen irteeran 35 gazte bildu ziren, eta horrek erakusten du herrian zaletasuna edo interesa badagoela, behintzat. Besaideren eta beste hainbat talderen arazoa da belaunaldien erreleboa bermatzea.

Umeen artean ere ba al du arrakasta mendiak?

Domekan bertan, Gipuzkoa osoko hainbat eskolatako umeak etorriko dira ibilaldi neurtua egitera. Muru ingurua ezagutarazteko aprobetxatu nahi izan dugu aukera hau, pisu sinboliko eta historiko handia dituen gunea delako. Lezetxiki ingurua, dragoiaren kondaira.. badaukagu zer erakutsi!

Zein da esku artean duzuen proiektu nagusia?

Arrasateko bide publikoak berreskuratu nahi ditugu. Asmoa aspalditik dator; izan ere, 2010ean txosten bat egin genuen gure proposamenarekin eta Udalak ere urteak daramatza bide horien inbentarioa egiten. Kontua da lehen, adibidez, bidea baserri ondotik igarotzea pribilegioa zela, baina orain inork ez duela halakorik nahi. Hori dela eta, gai korapilatsua da, baina Udaletik hitza eman digute agintaldia amaitu baino lehen, inbentarioa osoko bilkuran onartu eta amaiera emango diotela auziari. Behin hori lortuta, tresna ona izango da guretzat.

Zer emango dio bide publikoen berreskuratzeak herriari?

Kanpora joateko ohitura handia dago, eta iruditzen zaigu hori aldatu egin behar dela, ohartu behar dugu inguru pribilegiatu batean bizi garela. Nahiz eta urte askotan zehar egurtua izan den, berriro buelta eman behar diogu eta berezkoa duen edertasuna berreskuratu. Arrasateko bideek, modu osasuntsuan eta kirolaz gozatuz, herriko aberastasuna, gure kultura, gure iragana eta geure oraina ezagutzeko aukera eskainiko digute.

Zein izango da hori lortzeko emango duzuen lehen pausoa?

Kurtzetxiki inguruan bi ibilbide homologatu plazaratuko ditugu apirilaren 26an. Oraintxe ari gara homologatu eta matrikulatzeko azken lanetan. Izan ere, Arrasate inguruan, umeekin irteerak egiteko asko jo ohi da Udala aldera, eta beste aukera bat eskaini nahi izan dugu. Bertan, gainera, pinudi zahar bat zena biziberritu egin dugu auzolanean, eta aisialdigune bihurtzeko asmoa dugu.

Dena den, urtean zehar badituzue beste hainbat eta hainbat ekintza.

Hileroko irteerak arrakasta handia izaten du. Aurten, Arabari bira ematen ari dira, etapaka. Oso irteera zainduak dira, eta mendizale den edonorentzako modukoak. Hain gertu eta hain ezezagun dugun lurraldea ezagutzeko aukera polita eskaintzen dute. Beste asko ere baditugu  –Mondran Bike, Eski irteerak, Mendi Film Tour...– eta guztien informazioa eskura dago Besaide.org webgunean.

Zer iruditu zaizue Mondraitz elkartearen sorrera?

Harriduraz hartu genuen, egia esan, Besaideren esparru berean sortu zelako. Gero, eurekin egon gara eta oso harreman ona izan dugu. Udalatx Mendi Lasterketa ez da orain arte Besaidek antolatu dituen ekintzen estilokoa, baina ez daukagu ezer horren aurka. Ez diogu mugarik jarri nahi mendizaletasuna bizitzeko ereduei; guztiz kontrakoa: zabalik gaude proposamen berrietara, eta, noski, elkarlanerako prest.

Aiba! ere berreskuratuko duzue, baina berrituta.

Ibilaldiaren sustatzaile nagusi izan direnek antolakuntza lanak uzteko asmoa dute, eta orain elkarteak hartu du martxaren ardura. Orain arte, kontrolguneak jendea gelditzeko erabiltzen ziren, martxaren filosofia naturaz patxadaz gozatzea zelako. Eztabaidak izan diren arren, ziurrenik ibilbidea irekita utziko dugu. Azkenaldian oso modan dago mendian lasterka aritzea, eta uste dugu hori mendiaz gozatzeko beste modu bat dela; beraz, ez dizkiogu ateak itxi nahi, Baina ibilbidearen formatua zehazteko dugu oraindik.

Etorkizunari begira, ze asmo?

Besaide ingurua, guretzat leku enblematikoa dena, quad pista bihurtu dute, eta berreskuratu egin nahi dugu. Baina, batez ere, jende gaztea inguratzea dugu erronka, gure ilusioaz kutsatu eta elkartean ardurak har ditzaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak