Udal Gobernua: "Herri barruko trafikoa arintzea da helburua, herri iraunkorrago eta seguruago bat bultzatu behar dugu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko mar. 5a, 15:08

Udal Gobernuak, bestalde, nabarmendu gura izan du errepide zati horri kale izaera eman gura zaiola eta ez dagoela erabakita kale horretako trafikoa nola antolatuko den: "Erabakia hartzeko orduan kontuan izango da ibilgailuen eta oinezkoen arteko oreka". EAJri erantzunez, gaineratu dute gaur egun Udalean dauden alderdi guztiak daudela proiektuaren alde: "2014ko irailaren 16ko osoko bilkuran hala adierazi zuten; hor daude aktak, publiko direnak". 

Arrasate pasealekuaren itxiera dela-eta hainbat arrasatearrek agertu duten "kezka eta haserrea" ikusirik eta EAJren adierazpenak irakurrita, "ezinbestekotzat" jo du Udal Gobernuak "jendaurrean, batzordeetan zein osoko bilkuretan" emandako azalpenak errepikatzea.

Jarraian, Udal Gobernuaren argudioak: 

1.- Takolo - Goiru proiektua trafiko asko duen errepideari kale izaera emateko landu da.

2.- Ez dago erabakita kale hau trafikoari noiz eta nori itxiko zaion obra amaitzean. Kale honetako trafikoa antolatzeko aukera ezberdinak daude mahai gainean: denbora tarte zehatz batzuetan itxi, beti irekita eduki eta kamioiei galarazi... erabaki barik dago momentuz. Erabakia hartzeko kontuan izango da ibilgailuen eta oinezkoen arteko oreka.

3.- Arrasaten ere eredu iraunkorrago eta seguruago bat bultzatu behar dugu. Helburua jendearentzat espazioak irabaztea eta ibilgailu motordunen erabilera masiboak sortzen dituzten gaixotasun eta gainontzeko kalte guztiak ahalik eta gehien murriztea da. Udalak badu horretarako mugikortasun plan bat eta plan horren barruan lehentasuna da oinezkoei aukerak zabalduz joatea eta herri barruko bizikleta bide sarea osotzea.

4.- Arrasate pasealekuan oinezkoei emango zaie lehentasuna eta egun bertatik pasatzen den trafikoa bideratzeko zenbait aukera badira: San Andres, Erguin eta Munarren arteko lotura Loramendi kaletik egitea aukera bat da. Herritik kanpora eta kanpotik herrira datorren trafikoa beste bide batzuetatik bideratu nahi da: Aretxabaletatik Uribe eta Erguinera Olandixoko tuneletik, Bizkaiatik Uribe eta Erguinera Kanpazarreko bide zaharretik, Bizkaitik SanAndres eta Musakolara Epeleko bidetik… Arrasate Pasealekuari dagokionez, berriz, obrak burutzen ari diren bitartean ikusiz joango gara zein den aukerarik onena; izan ere, obrak irauten duen artean ondorioak atera ahal izango dira trafikoaren antolaketa egokiena zein izango den ikusteko.

5.- Herritarren ezinegona areagotzeko erdi egiak zabaltzen ari da PNV. Gaur egun Udalean dauden alderdi guztiak daude proiektu honen alde. 2014ko irailaren 16an hala adierazi zuten plenoan, hor daude bertako aktak, publikoak direnak, nahi dituenak ikusi ditzan.

6.- Trafikoari buruz aipatzen duten ikerketari dagokionez, argi dagoena da Arrasate Pasealekutik berez pasa beharrik ez duten ibilgailu mordo bat igarotzen direla egunero eta horrek aspalditik sortzen dituela arazoak. Horregatik, gune horretako trafikoa arintzeko, egin zen Olandixoko tunela; kanpotik datorren trafikoa bertatik bideratzeko. Orain, herri barruko trafikoa arindu gura da neurri honekin.

7.- Obra honen helburuetako bat herri barruko trafikoa gutxitzea da eta obrak iraun bitartean ondorioak atera beharko dira, gero erabakiak hartu ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak