Jose Ramon Kortabarria: "Pertsonen aldeko politikak egin behar dira orain"

Maialen Torres 2015ko mar. 2a, 13:43

Ekainean aurkeztu zuten Euskal Herriko Eskubide sozialen karta, orain ordea, hura sortzeko prozesuan parte hartu zuten eragileak herriz herri ari dira lanean, egitasmoa herritarrei ezagutarazteko. Arrasaten LAB sindikatuak deituta atera dira kalera gaur, baina karta soziala sortzeko eztabaidetan, Hego Euskal Herriko 127 herritako 147 eragile aritu dira lanean.

Uste dute, azken urteetan hartutako erabaki politikoek "herritarren pobretzea" eta "aberastasunaren banaketa bidegabea" ekarri dituztela, besteak beste. Horregatik, "egungo egoeraren alternatiba gisa" kaleratu zuten Eskubide sozialen karta, gai ekonomiko zein sozialei buruzko erabakiak hartzeko ahalmena aldarrikatuz. "Bizitzaren jasangarritasuna" erdigunean kokatzen duen jendarte eredua da prozesuan parte hartu duten eragileek defendatzen dutena, "pertsonen aldeko politikak egin behar dira" esan du Jose Ramon Kortabarria LAB sindikatuko Debagoieneko arduradunak.

Eragile bakoitzak bere esparruan jardungo du gehienbat Eskubide sozialen kartan bildutakoa gizarteratzen, baina elkarlanean ere arituko direla esan du Kortabarriak. Gutuna "indarrak biltzeko" tresna gisa erabili nahi dute, azaldu dutenez, "benetako aldaketa sozial eta politikoa Euskal Herrian lortu arte".

Hori guztia lortzeko bidea herritarren mobilizazioa dela diote, eta martxoaren 14rako nazio mailako bi manifestazio deitu dituzte, Bilbon bata -17:00etan-, eta Iruñean bestea -17:30ean-. Horren aurretik, baina, euren mezua herritarrei zabaltzeko hainbat ekintza egin nahi dituzte, eta horiek antolatzeko bilera Bergarako kultura-etxean egingo dute eguenean, 18:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak