Instrumentuetan lanean jardun dute helduek goizean goiz hasita. Irakasle ezin hobeak izan dituzte lagun, horien artean Mikel Arkauz tronboi-jole arrasatearra, Nafarroako Orkestra Sinfonikoko bakarlari laguntzailea dena. Perkusioarekin jardun dute batzuek, eta gainerakoek haizezko instrumentuekin: tuba-bonbardinoa; tronpa; tronboia; eta tronpeta.
Umeek ere lanean jardun dute, baina instrumenturik gabe. 3 eta 5 urte artekoek Txangoa oihanera ikasi dute, eta 6 eta 9 urte artekoek, Denboraren makina. Ipuinak, kantuak eta doinuak bateratu dituzte horiek. "Oso polita izan da umeek, irakasleak lagun, egin duten lana", zioen bukaeran Alberto Urretxok, Euskadi Brass proiektuko kideak. Eta helduen tailerrean Los colores del viento, los colores de la musica landu dute Mercedes Albainarekin.
Goizean ikasitako hori guztia eguerdian erakutsi diete gurasoei eta lagunei. Amaia antzokian elkartu dira guztiak eta saio dotorea eskaini.
Urretxok penatxoa ere bazuen, inguruan musika ikasle asko eta asko izanik saioetan gutxik hartu dutelako parte: "Motibatzaileak izan behar dira irakasleak, eta horien inplikazioa ezinbestekoa da, umea motibatzeko eta era berean, ume horren etxekoak".
Literatura eta musika bat
Arratsaldeko saioaren gidaria, ostera, Kirmen Uribe idazlea da. Izan ere, literatura eta musika uztartu dituzte bigarrenez antolatu duten ekimen honetan. "Hitzen eta musikaren arteko harremana ezinbestekoa da. Hitzak elkar ulertzeko bidea dira eta musika emozioak sentitzeko eta transmititzeko bidea".
Jardunaldia bukatzeko Hitzak haizeak eramaten ditu kontzertua eskainiko dute; Uribek bere hiru liburuetako pasarteak irakurriko ditu Euskadi Brass proiektuko haize instrumentuak lagun dituela.