Baliteke, hala azaldu dute-eta behin eta berriro eurek, Sute perfektua Angerren azken diskoa izatea. Erreketan indar guztiak ahitu arte, ordea, laukoteak zuzenean aurkeztuko ditu azaroan kaleratu zituzten 10 zuziri berriak. Angerrek masta beti metalik ausart eta desafiatzailean finkatu du baina lau haizetara zabaldu dituzte oihalak hasieratik. Horrek eman die izaera berezia eta berezko unibertsoa; euren buruei soilik leial eta taldea bera eta musika motibo eta arrazoi bakar bilakatuta. Berriena etxean aurkeztea tokatzen zaie zapatuan eta euren suak gaztetxe osoa irensteko gertu dira.
Libe gasteiztarrak ere joko du zapatuan Angerrekoekin. Ihesaldi handia aurkeztuko du eta hark ere izaera bereziaz asko esan dezake. Neubat, Sorkun ala Izaki Gardenak taldeekin luze jo eta gero, lehen lerroa hartzeko txanda iritsi zaio Libe Gartzia de Kortazarri orain.