Sute perfektuari bizitza eman diozue; zertan datza?
Disko honetako abestiek bizi dugun eta konturatu gabe erretzen gaituen sute perfektuaren inguruan hitz egiten dute. Guztia aurretik eramaten duen eta sostengarria ez den sutea, libre sentiarazten gaituena baina gero eta kate motzagoan lotzen gaituena, oso erraz asimilatzen diren su artifizialekin gerra deklaratzen dugun bitartean gure ustezko ametsak, sormena eta bizitzeko modua merkantzia bihurtzen dituena.
Nolakoa izan da prozesua?
2014ko urtarrilean planteatu genuen urte bukaerarako disko berria grabatzea, eta ordutik irailera, ideia ezberdinak landuz abestiak garatzen joan gara. Lehenik eta behin, lokalean landuz eta ondoren Beñaten etxeko estudiotxoan zirriborroak grabatuz. Tarte honetan ez dugu kontzerturik eskaini konposatze lanetan zentratzearren, gure kasuan taldekide bakoitzaren errealitatea, kontzertuak eta konposatze lanak uztartzea konplikatua baita.
Zuen kasuan zerk du garrantzi handiagoa, hitzek ala musikak?
Hitzek musikak besteko pisua daukate gure abesti eta diskoetan. Guretzat, abestiak konposatzea sormen ariketa bat da ondoren kontzertuak emanez disfrutatzeko, baina ariketa hau testuinguru jakin batean kokatzen dugu, irakurketa bat egin eta mezu bat zabaltzeko asmoz. Gure disko guztietan bizi dugun garaiaren irakurketa egiten dugu; betiere, modu kritiko-autokritikoan eta ikuspuntu sozial edo politikotik. Musika, eta sormena oro har, tresna ezin hobea iruditzen zaigu ikusten, pentsatzen eta sentitzen duguna adierazteko. Ez dugu besteen lanak epaitu nahi, baina, emaitza orokor moduan, azken urteotan sormenean eta batez ere musikan bozgorailu kritiko edo eraldatzailea izateko aukera aprobetxatzen ez dela iruditzen zaigu. Kontrara, arlo honetan sustatzen den eredua oso bestelakoa da, sarri hitzei edo esan nahi denari garrantzia kenduz.
Disko guztietan musikalki urrats bat aurrera egin duzue.
Horrela izaten saiatu izan gara, ez da behartuta egiten dugun gauza bat, modu naturalean gauza berriekin probak egiteko grina daukagu, eta oraingoan ere hainbat elementurekin jolasten saiatu gara. Oso nabarmena izango ez den arren, musika beltzak, funk edo rapak protagonismo handiagoa hartu dute diskoan; gure identitatearen parte diren elementuei muzinik egin gabe.
Oraingoan, gainera, Bonberenean grabatu duzue; zelan joan da?
Azken lanak Josema Linazasororekin grabatu ditugu, eta bide horretan ezinbesteko pieza izan da, irakatsi digunagatik, egindako ekarpenagatik eta lortutako harreman estuarengatik. Sute perfektua-rako beste ikuspuntu bat, beste erronka bat behar genuela ikusi genuen, eta, horretarako, Txap egokia izan zitekeela pentsatu genuen. Ibilbide garrantzitsua duen teknikari eta musikaria da, eta guretzat esanguratsuak diren zenbait diskoren grabaketetan zeresan garrantzitsua izan du; Berri Txarrak, Anari, Kashbad, Dut, Kuraia, Willis Drummond eta Glaukomarenak, besteak beste. Hiru bat aste egin ditugu Tolosako Bonberenean diskoa grabatu eta nahasten, eta esperientzia benetan polita izan da. Oso giro onean, oso prozesu atsegina izan da, eta, beste behin ere, asko ikasi eta grabaketaz eta emaitzaz asko disfrutatu dugula esan dezakegu.
Diseinuari garrantzia eman diozue.
Hitzak eta musika transmisiorako tresna diren neurrian, diseinua ere horretarako osagai garrantzitsua dela iruditzen zaigu, eta, horregatik, berebiziko arreta eskaintzen diogu. Unai Bergarak egin du, eta, aspalditik ezagutzen dugunez, erreparorik gabe esperimentatzen du.
Ruper Ordorikaren Zaindu maite duzun hori-rekin ausartu zarete.
Ordorikarengandik musikalki urrun samar gauden arren, asko miresten dugun sortzailea da. Bere ibilbidea, abestiak nahiz hitzak oso esanguratsuak iruditzen zaizkigu. Aurreko urteko Elkartasun Egunean, Anger Duhalde eta Hapa Hapa bezala, kantua prestatu genuen. Emaitza polita iruditu zitzaigun diskoa konposatzen ari ginela kontzeptu orokorrarekin, eta musikalki lekua zeukala ikusita grabatzea erabaki genuen.
----------
Zertzelada (Iker Barandiaran)
Erretzen ez denak ere transmititzen du
Arrasateko laukotearen lan hau entzuten hasterakoan pentsatu dut taldearen hastapenetako metalera itzuli direla eta Beñato gitarra jotzaileak, Momoren laguntzarekin, pultsua irabazi duela. Baina diskoa aurrera joan ahala, oso azkar egiaztatu dut riff eta erritmo metalero zein thrasheroak nagusi badira ere, bestelako soinu mota gordetzen duela. Azken lanetan hain presente zegoen post-hardcorea ez dago hain agerian, eta horren ordez bestelako sonoritateekin proba egin dute, lasaiagoak, dantzagarriagoak eta iradokitzaileagoak direnak. Asko du deskubritzeko disko berriak, baina hobe zuek egiten baduzue bilaketa. Eta kantuen hitzek beste artikulu bat merezi dute.