Eroskik 400 milioi inbertituko ditu datozen lau urteetan

Leire Kortabarria 2015ko ots. 18a, 21:58

Eroski kooperatibak 400 milioi euro inbertituko ditu datozen lau urteotan. Horrela onartu dute bazkideek Ohiko Batzar Nagusian, gaur, eguaztena, Barakaldoko BECen. Beste gai garrantzitsu bat Mendeko Finantza Ekarpenen gainekoa izan da; horren gainean, Batzar Nagusiak -erabaki-organu gorenak- truke boluntario eta unibertsala onartu du. 

Bazkide langile eta bazkide kontsumitzaile guztien 500 ordezkariak deitu ditu bilkurara. Eroskiko presidente Agustin Markaidek 2013ko Plan Estrategikoaren bigarren zatiko lerro nagusiak marraztu ditu, 2016 arterainokoak hain zuzen, eta berriki bankuekin finantzabidea berregituratzeko lortu den akordioa azaldu die kooperatibako bazkideei.

Kooperatibak iragarri du 400 milioi euro inbertituko dituela hurrengo lau urteetan, finantza etorkizuna argitu duen honetan. Honela mintzatu da Markaide: "Ordua da etorkizunera begiratzeko eta bizkorrago joateko Zurekin eredu komertzial berriaren zabalpenean; inbertsioak berreskuratu behar dira gure negoziorik estrategikoenak indartzeko Eroski berri eta errentagarriago baten indarguneetan oinarrituta".

'Zurekin' eredua 200 saltokitara zabaltzea

Kooperatibak 200 dendatara baino gehiagotara zabalduko du Zurekin eredu komertziala, Plan Estrategikoaren 2016rainoko bigarren zati honetan, dela denda berriak irekita dela lehengoak eraldatuta. Gaur egun, 66 saltokitan dago eredu hau —zortzi hipermerkatutan eta 58 supermerkatutan—, eta emaitzek erakusten dute kontsumitzaileek baikor hartu dutela eredua, salmentak igo egin baitira supermerkatu eta hipermerkatu eraldatuetan: %9 eta %6, hurrenez hurren. Salmenta are handiagoa ekarri du produktu freskoetan: %18 supermerkatuetan eta %13 hipermerkatuetan.

Gainera, Eroskik iragarri du beste 100 saltoki irekiko dituela urtero, batzuk propioak besteak frankiziak, penintsularen iparraldean. Probintzietako hiriburuetarako eta haien eragin eremuetarako daude pentsatuta proiektu horiek.

Horretaz gainera, kooperatibak jarraituko du frankizien bidez zabaltzen eta, hala, hirietan eta 1.500 biztanletik gorako herri txikietan integratzen, 300 eta 500 metro koadro arteko dendekin. Andaluzian, Madrilen, Katalunian, Extremaduran eta Levanten egin nahi du indarrik handiena zabalkunde horretan.

Hala, Markaidek nabarmendu duenez, "sarea murrizten jarraituko dugu, eta, aldi berean, irekitzeak eta zabaltzeak egiten; eta, horri esker, merkatu kuota osoari eutsi behar genioke".

Europako lehen supermerkatu energetikoki buruaskia

Supermerkatu energetikoki buruaskiaren proiektua, sare elektrikoaren beharrik izango ez duena, ondo doala azaldu die batzarrera azaldu direnei. CENER Energia Berriztagarrien Espainiako Zentroarekin ari da EROSKI proiektu horretan, eta Gasteizen irekiko ditu ateak, 2016an. Europako lehena izango da, ezaugarri horiek izango dituena.

I+G proiektu berri honen helburua da erakustea bideragarria dela teknikoki eta ekonomikoki energia berriztagarrien bitartez hornitzea 2.000 metro koadroko supermerkatu bat. EROSKIren aurreko ekodendak baino pauso bat aurrerago emango du, zeinak supermerkatu baten energia kontsumoa %65 gutxitzea lortu zuen. Orain, biomasaz hornituko dira hurrengo ekodendaren hozte, berotze eta elektrizitate beharrak.

MFEen jabeek bonuengatik aldatu ahal izango dituzte

Eroskiko presidenteak bertaratuei azaldu die zertan datzan finantzabidea berregituratzeko urtarrilaren 15ean izenpetutako akordioa. Berregituratze horretan, zortzi zatitan banatu da zorra, jatorriaren eta horien bermearen arabera.

Negozio planari heltzeko etorkizun finantzarioa argituta, Batzar Nagusiak, kooperatibaren erabaki organo gorenak, MFE Mendeko Finantza Ekarpenen truke boluntario eta unibertsala onartu du. Inbertsiogileek nahi badute, MFEak trukatu ahalko dituzte hemendik hamabi urtera iraungiko den mendeko bonu batekin, eta, nahi izanez gero, beste bost urtera ere luzatu ahalko da, MFEen gaur egungo balioaren %55 lukeen bonu baten truke eta %15 esku dirutan. Titulu berri honen interesa hiru puntu gehi Euriborra izango da, 2007koa baino 0,5 gehiago eta 2002ko eta 2004ko MFEetarako abonatutakoaren berdina. Hortaz, MFEen jabeek %30eko kita edo kentzea izango lukete, formula hori aukeratzen badute.

MFEen lehen jaulkipenetik, 2002tik, Eroskik 314 milioi euro abonatu dizkie interesetan bere inbertsiogileei. 2002an MFEetan inbertitu zuenak hasierako inbertsioaren %67 jaso du dagoeneko interesetan. 2004ko inbertsiogile batek, berriz, %55 hartu du interesetan; eta 2007ko batek %34.

Kontsumobideren bitartekaritzari esker diseinatutako prozesu honetan, gutxi gorabehera, %2,8 (2007ko inbertsiogileentzat) eta %4 (2002ko inbertsiogileentzat) arteko UTB errentagarritasuna izango du, betiere Euriborraren eboluzioaren arabera, kobratutako interesen guztizkoa kontuan hartuta eta bonu berria iraungita.

Trukea eta bonuaren jaulkipen orria baimendu egin beharko ditu Balio Merkatuen Komisio Nazionalak. Eroskik bonu berriak jaulkitzean eta balio merkatuei buruzko legeak dakarren bezala, MFEak dituztenen artean merkaturatuko dituzte finantza entitateek.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak