Ingurumen eta osasun ikuspegitik jasan dituen kalteei aurre egiteko apustu irmoa egin du Udalak: "Oraindik ukitu barik dagoena zaindu behar dugu, degradatuta dagoena berreskuratu eta bitartekoak jarriko ditugu jarduera desegokiak zuzenduz joateko". Auzoak jasan dituen "tratu txar" horien adibidetzat jarri dituzte, besteak beste, hainbat harrobiren jarduketak, Akeiko zabortegiaren ondorioak eta hondakinen bilketarako kamioienak.
Akeiko zabortegiaren ardura Arrasateko eta Debagoieneko administrazioek dute egun. Udalaren arabera, Mankomunitatea bertara zaborra ekarri zuten beste herrietako –Debabarrena, esaterako– administrazioen inplikazioa ere "lotu" guran dabil, ardura ekonomikoak banatzeko.
Saneamendurik ez duen bakarra
Bestalde, saneamendurik ez duen Arrasateko auzo bakarra da eta horregatik, kolektore zati berria sartuko dute laster Ugaldeazpi baserriaren azpian. Gainera, Udalak asmoa du aurten proiektu bat esleitzeko, auzoko baserriendako eta etxebizitzendako saneamendu sistema bat sortzeko aukera egokiena zein den azter dadin. Lur antolamenduaren arloari dagokionez, Udalak neurri esanguratsu bat hartu du: Hiri Antolamenduaren Plan Orokor (HAPO) berrian Udalak eremu horretako jarduera ekonomikoak garatzeko lur azalera murriztu egin du nabarmen; ia 24.000 metro koadrokoa izan da murrizketa. Halaber, bertan eraikitzeko ahalmena gutxitzea ere proposatu dute HAPOaren hasierako agirian.
Ondarea berreskuratzen
Horrez gain, auzoaren ondare historiko eta kulturala ere berreskuratu gura du Udalak: "Historia ezagutzen joan ahala, gero eta nabarmenagoa da auzo honek kulturalki duen balioa zein ahaztuta izan dugun. Sekulako ondarea dago meatzeen eta burdinaren erabileraren gainean. Arrasate herri bezala sortzera bultzatu zuten jarduerak izan ziren, hain justu". Errege bidea berreskuratu gura dute, hasteko; bide hori erabiltzeko moduan jartzeko obra zibila egin beharra dago eta Udalak ia 98.000 euro bideratuko ditu.
Era berean, Meatzarien Kofradia izandako San Baleixo baselizaren inguruan lursail bat erosi du Udalak eta bertan "gune atsegin" bat egokitu gura dute, besteak beste, bertako landaredia berreskuratuz. Panel informatiboak ere jarriko dituzte.
Aisialdi gune bat ere sortu gura dute eta horretarako auzolanerako deia egin du Udalak otsailaren 21erako. Egun horretan historialari batek meatzarien gaineko azalpenak emango ditu eta Zuhaitz Eguna ere berreskuratuko dute, gaztainondoak, haritzak eta intxaurrak landatuz. Horrekin lotuta, hilero Seber Altube plazan egiten den baserritarren azoka zuhaitz feria izango da protagonista.