Euskal Bideari ekiteko "orain da garaia" EH Bildurentzat, "zain egon barik"

Jon Berezibar 2015ko ots. 4a, 21:13

Ibai Redondo aurrez, Maider Otamendi eta Xabier Vallina albo bietara dituela, Goienako kazetariarekin berbetan.

Euskal Bidea delako proposamena dute mahaiaren gainean; hausnarketa eta eskari sorta bat Euskal Herriak prozesu eraikitzaile bati ekin eta eragile politikoak, zibilak eta gizartea eskutik hartuta, erabakitzeko eskubidea zutarri duen prozesu eraldatzaile bati heltzeko. Eztabaida sustatu eta lanean hasteko dei bezala planteatzen duten dokumentua gizarteratzeko lanean hasiko dira datozen hilabeteetan. Gaur arratsaldean aurkeztu dute hedabideen aurrean Ehun mila kafe ekimena, eztabaida eta hausnarketa bilatzen dituena.  

Dokumentua lehen pausu gisa ikusten du EH Bilduk. Horregatik, Ehun mila kafe, hala irudikatzen baitute eztabaida prozesua, "ekarpenei irekia". Hedabideentzako gonbidapena izan da gaurkoa eta mahaiaren bueltan, gonbitari erantzunda, Mondraberri eta Goiena Komunikazio taldeko ordezkariak bildu dituzte Ibai Redondo, Maider Otamendi eta Xabier Vallina Debagoieneko EH Bildu koalizioko ordezkariek.

Bidea hasi egin gura dute eta, lehenengo eta behin, azaltzen dutenez, prozesu guztiz zabala aurkezten dute EH Bildutik “Euskal Herritar guztiei irekia”, baina “Euskal Herrian hasi eta Euskal Herrian bukatuko den prozesua”. Halaxe marrazten dute oraingoz plana. "Erabakitzeko eskubideari errespetua da baldintza bakarra", zehazten dute ordezkariek. Hain zuzen, errespetu berba darabilte eta ez aitortu ala onartu; jakin badakite-eta “urteak eta urteak” direla errespetua eskatzen dela eta frogatu dela diote “ez Estatu espainiarrean ezta frantziarrean ere, ez dagoela borondate hori”. Horrenbestez, aldebakarreko ekintza bezala ikusten dute koalizioko kideek nahi den prozesu eraikitzaile hori. 

Graduala eta abiada ezberdinetan

“Lehenengo erabaki behar da ea euskaldunok Euskal Bidea egin nahi dugun, bai ala ez", dio Redondok, eta irmoki erantzuten du baietz, “EH Bildutik zalantzarik gabe, bai”. Beste alderdi politiko eta eragile asko ere bide hori egiteko prest leudekeela uste dute. Era berean, konbentzimendu hori esparru eta maila guztietan ezinbesteko ikusten du EH Bilduk. Prozesu luze eta zabala izanik, “gaur egungo errealitatetik abiatuta” egin gura dute, inondik egitekotan, abiadura eta marko ezberdinetako prozesuak planteatuta. Hala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleek bertatik abiatuko lukete prozesua, batetik, Gernikako estatutuak zedarritzen duen markoa gainditu eta erabakitze eskubidea aintzatetsiko lukeen estatus berri baterantz jota. Argi dio Ibai Redondok: “Erabakitzeko eskubide hori ez zaio Estatuari eskatzen, eskubide hori gure egiten dugu eta hemen, bertan onartzen ditugun legeak aplikatuko lirateke, politika fiskaletik hasi eta hezkuntza legeetaraino, esate baterako". Antzerako garapena planteatuko lukete, lurralde bakoitza bere martxan eta garapenarekin, Nafarroan eta Lapurdi, Zuberoa eta Behe Nafarroan. 

Nafarroak berea 

Nafarroan ikusten du EH Bilduk giltzarrietako bat, izaera propio eta independentea aintzat hartuta, bere prozesu eratzailea gauza dezala utziz eta ostean zubiak eraikita, lurraldeen artean. Redondo koordinatzaileak azaltzen duenez, Nafarroan etengabe eskatu ei diete "errealitate ezberdina dela" kontua har dezatela. Hain zuzen, eransten du, “Espainiako estatuan inon sentimendu espainiarrik ez egotekotan, hori Nafarroan da, baina euskal sentimendua ere bestelakoa da; nafarrak dira eurak”. Hala, “prozesu honetan nafar izaera hori errespetatu beharra” dagoela berresten du, “eta nafarren erabakitze eskubidea sakratua" dela. Ildo horretan, oso egingarri ikusten du Nafarroan sozialistek agintzen zuten garaiko organo komun permanentea, esate baterako, eta tarteko egitura baten eredu bezala ikusten dute EH Bildutik. 

Hain zuzen, maiatzeko hauteskundeak mugarri izango direla uste dute koalizioko ordezkariek eta zalantzarik ez dute Nafarroan “aldaketaren aldeko gehiengoa”  egongo dela.

Balizko egoera berriak eta aukerak marrazterakoan, “erabakitze eskubidearen aldeko gehiengoak bilatzea” da konfigurazio eta ardatz politiko berria zehazteko darabilten esapidea, prozesu eraikitzailearen oinarri politikoa litzatekeena. Gehiengoak gehiengo, aldaketarako joera argi eta garbi ikusten dute Nafarroan hiru ordezkariek. "Egoera aldatzen eta aukera berriak agertzen" dabiltzala diote EH Bildutik eta argi ikusten dute Espainian dauden aldaketak eta Katalunian ekindako prozesuak hartu dutela euren bidea jada. Euskal Herriak bereari heldu diezaiola da proposamenarekin sustatu gura dutena. Finean, eta zalantzarik ez dute, “orain” dela momentua, etorkizuneko bestelako aukeren ziurtasunik ez ei dagoelako, azpimarratzen dutenez. 

Hauteskundeez harago

Nahita ez, hautetsontzien deia lehen baldintzatzaileetako bat da. Alabaina, kolazioko kideek argi utzi gura dute hauteskunde agendatik harago doan eta luzera begirakoa den proposamena dela eurena. Halere, aukera zehatzetara etorrita, esate baterako, Ibai Redondok Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta erabakitzeko eskubideari dagokionez, jeltzaleekin akordio bat irisgarri ikusten du eta alderdi ez abertzale baina ezkertiarretara jota, Podemosen balizko etorreran ere zertan bat etorri ere badaukatela, arlo sozialean adibidez; “baina haiek ere benetako posizioak argitzeko” dauzkatela ohartarazita. “Aliantza elektoralen erdigunean erabakitzeko eskubidea kokatu beharra” dagoela azpimarratzen dute, bai Euskal Herriaren independentziari buruz eta baita gai sozialen inguruan ere. Hala, borobilduz, zalantzarik ez dute EH Bilduko ordezkariek: “Erabakiak hartzeko unea iritsi da”, arlo guztietan. 

Horrekin batera, bestelako bermerik ere ikusten diote Euskal Bideari. Izan ere, estatu egiturak sortzeari Euskal Herrian aspalditik ekin zitzaiola diote, horren eredu liratekeelarik euskal hezkuntzarako sortutako ikastolak ala euskararen biziraupenerako euskalgintzak ehundutako sare zabala. Horietan guztietan giltzarri, gizarte zibila izanik, prozesu eraikitzailean ere berdin ikusten dute EH Bildun. “Herri bezala Euskal Herrian hainbat zutoi eraiki dira eta herri aliantza horren beharra dago, eredu soziala dela ala beste edozein eskubide dela”.  Horiek, hain justu, Euskal Bidea deritzoten horretan eman beharreko urratsak lirateke, azaltzen dutenez. Prozesua azkartzeko unea iritsi dela berretsiz, azpimarratzen dute eragile politiko eta sozialak eta gizartea bera jarri gura dutela horretara lanean, arrakasta ahalik eta babesik zabalenak soilik bermatuko ei duelako. 

Prozesua eta emaitza, gizartearen bermearekin

Epeen planteamendua lausoagoa da eta oraingoz lehen fase bat irekiko ei da, planteamendu eta eztabaidatze tarte bat. Horretara letorke kafeen planteamendua, hausnarketa maila horretan eragin gura dute-eta. Esku-orriak banatuko dira etxerik etxe eta herrietan batzarrak egin asmo dituzte. Aurrerago hitzaldiak ere antolatuko dituzte. Hala “gizartea alderdi politikoen aurretik” doala diote EH Bildutik eta eredugarri jotzen dute Gure Esku Dagok bultzatutako dinamika parte-hartzailea. Hala, "alderdi politikoen artean ez dagoen batasun hori gizartean lortzen ari da poliki-poliki”, Redondok dioenez. “Gidaritza” eta “bermea” gizartean egon behar dela uste dute eta EH Bildutik, alderdi bezala, gizartearen eskariei erantzuna eman zaiola.  Hori horrela, koaliziotik ekidin gura dute proposamena edozelako hauteskunde eskemetan kokatu ahal izatea baina uste dute atzerapenik ere ezin daitekeela egon. “Garaia iritsi da eta hauteskundeak beti dira", Maider Otamendik azaltzen duenez, eta "Euskal Herri, Espainia eta Europa mailan aldaketak daude gertatzen; ezin da olatua pasatzen utzi eta zain egon". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak