Arrasaten, abuztuaren amaieran, parrokiako San Juan Batailatzailearen irudia hainbat kalterekin azaldu zen eta Arrasateko zaharberritzaile Mari Karmen Martin izan da azken hilabetean irudia konpontzeko lanak egiten.
San Juan Batailatzailearen irudia
Egitura-lanak egin ditu gehien bat, irudiak jasan zuen erasoaren ondorioz, egurrezko piezaren hainbat zatik kalteak izan zituztelako. Adibidez, eskuetako bat ia-ia guztiz galdu zuen, beste eskuko behatzak nahiko kaltetu ziren, eta bildotsak ere jasan zituen kalte batzuk. Hauxe azaldu du Martinek: “Bildotsa iruditik atera zen eta hankak asko kaltetu ziren, belarrietako bat galdu egin zen, buztana ere bai… Gehien bat egin dudana izan da galdutako piezak berregin eta berreskuratu ahal izan zirenak itsasi”.
Polikromia ere pixka bat kaltetuta zegoen eta kalte horiek ere konpondu ditu Martinek, besteak beste. Hilabete inguruko lana izan da.
Martinek uste du XVIII. mende amaiera inguruko irudia izan daitekeela San Juan Batailatzailearena eta adierazi du zorionez irudiaren argazki batzuk zituztela, galdutako zatiak erreproduzitu ahal izateko. “Pena bat da horrelako gertakariak egotea. Izan ere, kasu honetan, zorionez, irudiaren argazki batzuk gordeta zeuden, eta horiei esker, galdutako zatiak erreproduzitu ahal izan ditugu”, adierazi du Martinek.
1.500 euroko kostua izan du zaharberritze horrek.
San Sebastianen irudia
Bestetik, urte eta erdian zaharberritze lanetan egon den San Sebastianen irudia ere erakutsi dute. “Ezkutuan egon da orain arte elizako dorrean. Han pilatzen ditugu garai batean elizan agerian egon ziren irudiak eta Oskarizen kaperan jarriko dugu orain”, adierazi du Arrasateko parroko Horazio Argaratek.
“Zaharberritze lanetan aurki ditzakegun ia arazo guztiak zituen; bai egitura mailan eta baita polikromian ere. Irudia berriro pintatu zegoen eta jatorrizko polikromia ezkutatuta zeukan. Gainera, gaur egun ikus daitekeen polikromia ez da jatorrizkoa ere, garaiko birpolikromatu bat da, kalitate oso onekoa”, gaineratu du Martinek.
San Sebastianen irudia zaharberritzeko lanek 3.500 euroko aurrekontua izan dute.