Literatura lehiaketan lanak aurkezteko epea zabalik da

Maialen Torres 2015ko urt. 23a, 18:52

Hemendik martxoaren 14ra bitartean, poesiaz, ipuinez eta bertsoz beteko da AED elkartearen postontzia. Izan ere, martxan da Arrasate literatura lehiaketa, eta dagoeneko hasi dira lehen lanak iristen. Parte hartzeko asmoa dutenek, ordea, oraindik badute denbora euren lanak bidaltzeko, betiere, elkarteak finkatutako baldintzak kontuan hartuta.

Lau maila bereiziko dituzte aurten ere: LH-5 eta LH-6 mailetakoena lehena, DBH-1 eta DBH-2 mailetakoena bigarrena, DBH-3 eta DBH-4 mailetakoena hirugarrena, eta batxilergoko ikasleena eta nagusiena. Ipuinak, poesia edo bertso paperak aurkeztu beharko dituzte, eta gaia librea izango da. Gainera, epaimahaiaren aurrean egileen anonimotasuna bermatzeko, goitizenez sinatuko dituzte lanak.

Parte hartzaileak

Gehienbat lanak ikastetxeetatik jasotzen dituztela azaldu du Artolak, eta are gehiago orain, gazteen parte-hartzea Arrasatetik Debagoien osora zabaldu zutenetik. Horrela, 100 lan inguru jasotzetik, guztira 180 biltzera pasatu dira. "Maila guztietan inguruko herrietakoei ere parte hartzeko aukera eman nahi genien", dio AEDko kide Itxaro Artolak.

Nagusien mailak adin mugarik ez badu ere, "parte-hartzaile gehienak gazteak" direla onartu du AEDko kideak, baina gogoratu du hortik gorakoek ere ateak zabalik dituztela.

Lehiaketa, interes pizgarri

Gauzak horrela, Artolak ikastetxeen laguntza eskertu du, haren esanetan "erabakigarria" da-eta lehiaketaren arrakastan. "Literatura idaztea ez dago boladan gazteen artean, ahalegina eskatzen duen ekintza delako, baina poztekoa da badirela benetan zaleak diren batzuk ere", dio Artolak. Izan ere, azaldu duenez, zenbait parte-hartzailek, ikastetxean egindako lanaz gain, eurek etxean idatzitako lan gehiago ere aurkezten dituzte, eta badira ikastetxeak ez bultzatu arren euren kabuz parte hartu nahi izaten dutenak ere, baina, "zoritxarrez, gutxi dira".

Bestetik, Artolak aitortu du "ulertzekoa" dela gazteek lanak aurkezteko denborarik ez izatea, bestela ere "lanez lepo" ibiltzen direlako.

Ipuinen saila da arrakasta handien izan ohi duena, baina AEDn badakite sail bakoitzeko lan kopurua aldatu egiten dela urtez urte, ikastetxeetan egiten duten lanketaren arabera. "Edozelan ere, formatu batean edo bestean, eta datozen tokitik datozela, pozik jasotzen ditugu lanak", esan du Artolak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak