Jon Kepa Zumalde (Markeliñe): "Pertsonaia-estereotipoetan oinarritu gara adiskidetasun istorioa kontatzeko"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko urt. 23a, 13:26

Cervantesen pertsonaia ezagunenetan oinarritutako Kixote, antzezlan estreinatu berria, ekarriko du Markeliñe antzerki taldeak Amaia antzokira; bihar, zapatua, 17:00etan. Sarrerak 5 eurotan eskura daitezke leihatilan eta Arrasate.eus atarian.

Zornotzan estreinatuta, Durangon erakutsi zenuten gero. Hirugarren aretoa duzue, bada, Arrasatekoa.

Halaxe da, bai; orain arteko emanaldietatik jaso dugun inpresioa da lana gustukoa dela; baina bereziki adierazi digutena da, harritu egin dituela ikusleak. Uste dut lortu dugula, nolabait, jendearen arreta jasotzea eta jendeari momentu goxo bat pasaraztea.  

Cervantes idazlearekin lotzen den antzezlana da, istorioak baino gehiago, pertsonaiek horrela bideratuta.

Cervantesen eleberriko pertsonaietan oinarritu gara: Kixote eta Santxo; guk Santxa deitu diogu. Eta estereotipo horiekin guk beste istorio bat kontatu dugu. Egia da, baina, eleberriko une batzuk ere aipatzen direla.

Adiskidetasunari buruzko istorioa.

Bi pertsonaia horien arteko harremanaz, haien arteko adiskidetasunaz eta elkarren artean duten beharraz jarduten dugu. Santxak, esaterako, Kixote zaintzeko eta bere onera ekartzeko, hau da, mundu errealera ekartzeko beharra du. Baina, era berean, Kixotek egiten duena da Santxak duen hutsunea bete; hau da, bere zoramenarekin eta duen hegan egiteko gogoarekin eta irudimenarekin, Santxari bizitzeko beste era bat ezartzen dio. Adiskidetasun horretatik abiatuz sortu dugu istorioa.

Kixote eta Santxa izan daitezke bi lagun, familia bereko bi kide edo erietxeko gaixoa eta zaintzailea.

Ikusleak erabaki dezala nortzuk diren, gure ustez ez du garrantzi handirik. Agian, ikusleek ezagutzen dute pertsonaia horien antza duen gertuko pertsonarik.

Kixote ameslaria eta baikorra da; eta bestelakoa da Santxa: pragmatikoa eta errealista.

Oso estereotipo garbiak dira Cervantesek eraikitakoak; guk egin duguna da hori aprobetxatuz hainbat egoeratan kokatu. Azken batean, Santxak duen erronka da bereziki erakusten dena; hau da: Kixoteri bera den modukoa izaten utzi behar dion edo hegoak murriztu behar dizkion bere mundura ekarriz horrela. Hor dago kontakizunaren gakoa.

Sandra F. Agirre da Kixote; eta Itziar Fragua, berriz, Santxa.

Urteetako taldekideak dira biak ala biak. Sandra oso polifazetikoa da, musikaria eta abeslaria ere bada. Itziarrek ere askotariko paperak egiteko gaitasuna du;  energiaz betetako oso emakume indartsua da.
Bi pertsonaia dira, baina aktoreak, berriz, hiru. Maitane Azpiroz da taula gainean dagoen hirugarrena.
Kixoteren irudimena irudikatzen du trapezio baten gainean zintzilikatuta dagoen Maitanek. Zirkutik dator eta oso aberasgarria izan da gure taldera ekartzea.

Ahotsek indar handia dute, antzezlana hitz bakoa den arren.

Ahotsekin osatzen dute ia soinu banda osoa. Zaraten bitartez, batetik, hainbat egoeratan kokatzen gaituzte, eta bestetik, aktoreen askotariko sentimenduak adierazten dituzte: asfixia, poza...

Dekoratu xumean, objektuak dira protagonista.
Bi mundu ikuskera irudikatu ditugu objektuen kokapenarekin: Santxarenean, besteak beste, mahaia eta aulkiak behar duten tokian daude, geldi; Kixoterenean, berriz, zintzilik jarri ditugu, mugimendua adierazteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak