Gerran jardundakoa (errekete Araban, 5. konpainian, eta Brunete, Aragoi eta Kataluniako fronteetan hartu zuen esku), Union Cerrajerako elektrizitate tailerretako buru izan zuen lehen lanbide Uribarrenak Arrasatera iritsi zenean (1943). Handik Bergarako Labegaraietara egin zuen, nahiz eta lau urte geroago atzera ere Arrasatera bueltatu.
Oso zorrotza
"Justo Uribarrena 1961eko irailaren 26an izendatu zuten Arrasateko alkate, Julio Otaduy ordezkatuz, horren tokian eta modu probisionalean azken sei hilabeteetan Andres Bidaburu aritu bazen ere", kontatzen du Josemari Velez de Mendizabalek.
Alkatetzan zela, anekdota bat, Uribarrenaren izaeraren adibide moduan: "Oso zorrotza zen udal beharginen lanarekin eta herrian gogoratzen denez, behin Monte tabernatik Gonzalo Moro udaltzain burua aterarazi zuen, beste lagun batzuekin batera edaten ari baitzen, lan orduetan".
"Eta sekretutxoren bat ere bazuen: aldian behin Muruamendiaraz gozotegira joaten zen eta bertan Polikarpo eta Juanitarekin obradorean ziharduen, gazte denboran Bilboko Arrese gozotegian ikasitakoa praktikan jartzen eta erakusten. Diotenez, Muruamendiarazeko hostopil goxoak Justo Uribarrenaren formulari zor zitzaizkion".
Meritu politikoari aitortza
Besteak beste, Josemari Velez de Mendizabalek kontatzen du zela gobernadore zibilak Caballero de la Orden de Cisneros-eko domina entregatu zion Uribarrenaren alargunari hura hil ondoren.
Justo Uribarrenaren ibilbide oparoa deskribatzen duten bi zertzelada besterik ez dira horiek. Kontakizun osoa irakurgai dago Hots Begi Danbolinak blogean.