Urteko lehen baserritarren azoka bihar Arrasaten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko urt. 16a, 08:30
Azken azoka santamasetakoa izan zen, urteko azoka handiena.

Bihar, zapatua, egingo da urteko lehen baserritarren azoka Seber Altube plazan (09:00-14:00). Arrasateko Udalak azokaren aldeko apustu irmoa egiten jarraituko du 2015ean ere. 16 postu egongo dira bihar eta Jesus Romero adituaren pintxoak dastatzeko aukera ere egongo da. Gainera, sentsibilizazio kanpaina berria estreinatuko dute urtarrileko azokan. 

Biharko azokan 16 postu egongo dira. Arrasateko sei baserri, eta horien artean nobedadea izango da Asubealde baserriaren lehen azoka izango dela; Jon Azkoaga gazte arrasatearra arituko da saltzen eta haren produktu nagusia baserriko arrautza ekologikoak izango dira: "Animo asko eta zorte onena opa diogu, arlo honetan jende gaztea beti da ongi etorria, beti da pozgarria", adierazi du Udaleko Enplegu eta Garapen Saileko teknikari Marga Garmendiak.

Arrasatekoez gain, Debagoieneko beste hiru postu eta bailaratik kanpoko beste zazpi egongo dira. Horrez gain, pintxo dastatzea ere egongo da Jesus Romero adituaren eskutik. Neguko errezetak prestatuko ditu Romerok. Pintxo horiek euro baten salduko dira edo azokan erosten dutenek doan probatzeko aukera izango dute. Gainera, baserriko produktuez osatutako otarra ere zozketatuko dute azokan erosten duten herritarren artean. 

Sentsibilizazio kanpaina 

Aurtengo berritasunetako bat izango da azokan bertan egingo duten sentsibilizazio kanpaina: "Azokara hurbiltzen direnek ikusiko dute. Lelo batzuk dira, baserriko produktuen kontsumoaren arrazoiak azpimarratzen dituenak. Baserriko produktuen aldeko aukera egiten duten herritarrek azalduko dute zergatik egin duten aukera hori. Baserriaren jardunak paisaia orekan mantentzen duelako, bertako ekonomiarekin konpromisoa duelako edo produktu osasungarriagoak direlako; halako arrazoiak nabarmentzen dituzte herritarrek", dio Garmendiak. Kanpaina hori baserritarren azokan egitea dago aurreikusita baina ez dute baztertzen, esaterako, Azoka Plazan ere egitea. 

Orain arteko bidetik jarraituko du baserritarren azokak: "Abenduan balorazio bat egin genuen baserritarrekin, teknikariekin eta arduradun politikoekin, eta adostu genuen azoka hau mantentzea komeni dela, egungo lekuan eta egungo formatuan. Ekimen berriak eta ekitaldi osagarriak egingo ditugu; otsailean, adibidez, arbola mintegien azoka antolatzeko asmoa dugu".  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak