Giza eskubideen alde, sarea osatuz

Maialen Torres 2015ko urt. 8a, 20:45

Teresa Toda kazetariak hitzaldia eskaini du gaur Arrasaten, Sare egitasmoa, "euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarra" aurkezteko asmoz. Herriz herri hedatuz doan ekimena da, eta aste honetan are indar gehiagoz. Izan ere, Sarek deituta antolatu da zapatuko Bilboko mobilizazioa, eta "isiltasunaren oihuaren" atarian, herritarrak saretzen dabiltza Sareko kideak.

Batetik, egitasmoak berak zertan datzan azaldu du Sareko bozeramaile ere baden Todak “egitasmo hau ez da kontu ideologiko bat, giza eskubideez ari gara”, dio. Izan ere, sakabanaketarekin amaitzea da Sareren helburu nagusia, eta horretarako indarrak batzea “zubiak eraikiz eta orain arteko harresiak ezabatuz”, hau da, herritarren arteko sare bat osatuz. Bestetik, sare hori osatzeko elkarlana beharrezkoa dela ere esan du Todak eta oinarrizkoena “harremanak lantzea” dela.

Dispertsioaren liburua

Sareren Lehen urratsa “sakabanaketaren errealitate lazgarriaren berri ematea” izango da, eta lan horretan laguntzeko tresna bat ere aurkeztu dute: Dispertsioaren liburua. Tresna horren bidez, sakabanaketa gertutik ezagutzeko aukera eskaini nahi diete irakurleei, bai euskal herritarrei eurei, baita mundu osoko edonori ere. Horregatik argitaratu dute euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez.

Liburuaren mezua zabaltzeko kateak osatzea proposatzen du Sarek, eta liburua eskuratzen duen bakoitzak bataz beste beste hiru pertsonari helaraztea finkatu dute helburu gisa. Horrela, argitaratu dituzten 500.000 aleen bidez, 1.500.000 pertsonarengana iritsi nahi dute, beti ere azpimarratuz, mezuak izan dezakeen eraginaz gain, pertsonen arteko harremana dela garrantzitsuena. Eztabaida, hausnarketa eta desberdinen arteko iritzi trukea dira, beraz, Dispertsioaren liburuaren jomuga.

Erakundeekin elkarlana

Herritarren kontzientziazioaz gain, giza eskubideen alde lanean dabiltzan erakundeetara jotzea ere aurreikusi dute. Euskal Herrian eta estatu mailan ekin diote lanari lehenengo, baina gero Europara eta, posible bada, Nazio Batuetara iristea ere gustatuko litzaiekeela esan du Todak.

Ideologien mugak alde batera utzita, indar guztiekin hitz egin nahi dutela aitortu du Todak, baina ez dela lan erraza izango “beldurra dute euskal presoez eta euren eskubideez argi hitz egiteko”, esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak