Nola sartu zinen aikidoan?
Kung-fu estilo txinatarreko kurtsoa egin nuen behin, eta gero, aikidoa probatzean, liluratuta geratu nintzen borroka-arte horrek duen filosofiarekin… Bizitzeko modu gisa hartu eta urtetan asko ikasi dut, baina oraindik ikasten jarraitzea espero dut.
Kirola baino gehiago, bizi izateko modu bat da aikidoa?
Bai, kirola baino gehiago da, argi eta garbi. Bizitza estilo bat da. Txinan tai txia moduan, Japonian kulturaren parte da aikidoa. Arte martzial modu hori ikasketa unibertsitario bezala kontsideratzen da munduko leku askotan eta heziketaren parte dela esan genezake. Errespetua eta balioak oso kontuan hartzen dituena.
Japoniako kultura gehiago ezagutzeko asmoz, orain dela bi hilabete inguru Japonian izan zinen, ezta?
Bai, urriaren 15etik azaroaren 3ra bitartean izan nintzen; nire ikasle diren Iker Beristainekin eta Javi Corresekin. Orain dela bi urte hasi nintzen Japoniarako bidaia prestatzen, eta hango kulturaz pentsatzen nuena baino gauza gehiago ikasi eta ikusi ditut.
Japoniara bidaiatu nahi nuela azaldu nien gimnasioko ikasleei, eta asko animatu ziren nirekin etortzera. Jende gehiegi batu ginenez, azkenean, bi lagunekin bakarrik joatea erabaki nuen, eta izugarrizko esperientzia izan da.
Zein izan zen Japoniara bidaiatzearen helburu nagusia?
Nire helburu nagusia tradizioko sendaketa naturaletan eta elikaduran sakontzea zen. Genetikak eta jaten ditugun elikagaiek garrantzi handia daukate gure bizitzan. Gizartearen ondorioz, denok antzerako gauzak jaten ditugu, eta, nork bere odol taldearen eta metabolismoaren arabera, elikagai batzuk edo beste batzuk behar ditu bizi iraupena luzeagoa izateko eta gaixotasunak ekiditeko.
Bestalde, turismoa ere egin nahi genuen; azken finean, helburu zehatz batekin joan ginen, baina beste hainbat gauza garrantzitsu ikusi eta ikasita bueltatu gara handik.
Jaten duguna gara esaldia halaxe da, orduan?
Bai, duda barik; gainera, hori ondo zaintzen bada, gaixotasunak izateko arrisku txikiagoa dugu. Okela jaten dutenak gutxi dira han, adibidez. Soja jaten dutenei, bestalde, bularreko minbizia, barrabiletakoa… izateko arriskua asko txikitzen zaie. Japonian, adibidez, ia ez da existitzen minbizi tasa hori, oso txikia da… Hiromi Shinyak esaten zuen moduan, "gizon batentzat ona dena beste batentzat pozoia izan daiteke".
Bestalde, meditazioaz eta elikaduraz gain, fisikoa ere landu behar da, baina gehiago egiteak ez du esan nahi hobea denik. Nork bere beharren araberakoa egin behar du. Hori guztiori kontrolatuz gero, gure bizitza luzeagoa izan daiteke. Urteak daramatzat gai honetan interesatuta, eta emaitzak begi bistakoak dira, batez ere, gaixoengan.
Borroka-arteen inguruko jende ospetsua ezagutuko zenuten.
Arte martzialeko maisu handiekin, medikuekin eta naturopatekin egon ginen Tokion, Kyoton, Naran, Osakan eta Iroshiman. 700 urte dituen Katori eskolan, Otake-Senseirekin eta Tadao Yamaguchi reikiarekin izan ginen, eta haiekin lan egin eta ideiak elkar trukatzea sekulakoa izan zen.
Zer aurkitu duzue han?
Denetarik ikusi dugu han. Aurrez esan bezala, iritsi bezain laster, 700 urte dituen Katori sable eskolan izan ginen Otake-Sensei maisu handiarekin. Maisuaren etxeko helbidea eman ziguten, eta harrera bikaina egin zigun. Izan ere, maisuaren gertukoenak gaztelaniaz zekien. Hala, 90 urtetik gora dituen Otake-Sensei maisua ezagutzea izugarria izan zen. Oraindik, irakasten jarraitzen du, eta, oso jakintsua denez, asko ikasi genuen harengandik; nola bizi den, bere bizi izateko modua… magikoa izan zen.
Tokioko Hombu Dojo eraikinean ere izan ginen, hiru solairu ditu, eta bereziki aikidoa praktikatzeko erabiltzen da eraikin osoa. Tenplu sakratuan ere izan ginen, eta han, taldean pentsatutako desio bat ere jarri genuen oholean: Munduko gizaki guztiek gure bedeinkapena jaso bezate idatzi genuen han. Beste behin, Japoniako urrezko tenpluan ere izan ginen. Hori Japoniako eraikin garrantzitsuena da…
Hizkuntza dela, hango kultura dela… ez zenuten arazorik izan?
Bat ere ez; han, estutasunean ikusten bazaituzte, berehala etortzen zaizkizu laguntzera. Ez zen izan pentsatzen genuen modukoa, oso ezberdina izan zen. Ongi hezitako jendea da, oso atseginak dira… Kalean gindoazela gauza asko aurkitzen genituen lurrean botata. Baina jendea ez da makurtzen hartzera. Euren filosofiak dioenez, diru-zorroa galtzen badu batek, adibidez, bide bera eginez gero, galdu duen objektua bertan aurkituko du. Hala, ez da inor makurtzen lurrean dauden objektuak hartzera.
Esperientzia arrakastatsua izan da, horrenbestez; bueltatuko zara?
Oso arrakastatsua izan zen bidaia, bai. Film batean egotea bezala izan zen. Eta bai, gustatuko litzaidake berriro hara bueltatzea, eta bizi izateko modu honetaz gehiago ikasten jarraitu nahi dut.