Zelakoa da Maria Fagan?
Bizipen, emozio, kezka, kontraesan, sentimendu eta kaos honi guztiari ahotsa eta musika jartzen dion pertsonaia.
Zein harreman daukazu sukaldearekin?
Txikitatik izan dut gustuko. Beti begiratu izan diet amari eta amonari sukalde lanetan ibili direnean eta gaur egun egiten ditudan plater batzuetan asko igartzen da hori.
Zein da zure espezialitatea sukaldean?
Porru-patatak.
Zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena?
Uda aldean gonbidatuko nuke bazkari goxo batera Zarauzko Aiten-Etxean. Eta gauean, noski, parranda.
Eta etsairik handiena?
Esaldiak dioen moduan: Arerioari ezta urik ere, eta desertuan baldin badago polboroiak.
Zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan eseri?
Bat bakarra aukeratzea oso zaila da, baina, horrela izanda, U2 taldeko Bonorekin eseriko nintzateke, bere kantuek diotenari buruz jarduteko. Oso letra sakonak ditu.
Zergatik musikari?
Ez dut nire burua musikaritzat hartzen. Niri jaten ez dit musikak ematen, lanak baizik, baina zaletasuna baino gehiago ere bada. Barrenean gordetzen ditudan sentimenduak ateratzeko modu bat daukat nik musikan.
Sukaldaritzak eta musikak badute zerbait batera?
Biak ditut gustuko. Eta sukaldean nabilela gustuko dudan musika jartzen badut, ziurrenik goxoago dago dena.
Musikan miresten duzun inor?
Momentu honetan, Ben Howard eta Bon Iver-eko Justin Vernon ditut palko baten. Konposatzen dituzten abestiak maisulanak dira, nire ustez. Inoiz maila horretako abestirik egitea lortzen badut, oso pozik egongo naiz nire buruarekin.
Zer maite duzu bizimodu honetan?
Bidaiatzea, izkina guztietan ditudan lagunekin elkartu eta gure bizipenez hitz egitea eta, nola ez, musikalki haztea.
Iratxoek hiru desio betetzeko aukera ematen dizute.
Bat, Leonardo Dicaprio ezagutzea; bi, denboraldi bat Ameriketako Estatu Batuetan ematea; eta hiru, zorion absolutua aurkitzea.
Bizitzan ezinbestekoa da...
Lagun sorta on bat bizkar gainean eramatea.
Zure bizitzako anekdota bat.
Bakarra aukeratzea zaila da, baina ugari izan ditut, bai. Bereziki, prestatzen ez direnean gerta daitezkeen gauzak. Jende interesgarri asko ezagutu dut prestatu gabeko egunetan.
Zer errepikatuko zenuke?
Denboran atzera eginda, Burdeosen igarotako urtea.
Zerk beldurtzen zaitu?
Nire oroitzapen onenak ahazteak, duda barik, horiek altxortzat baititut.
Damu zara...
Damu, mila gauzaz, baina, seguru aski, akats horiek egin ez banitu ez nintzen izango gaur egun naizena.
Lanetik etxera iritsi berri, sofan eseri eta…
Sex & The City.
Nora ospa egingo zenuke gustura?
Aitaren herrira; nire bihotzeko Dublin maitera denboraldi baterako egingo nuke alde, gustura asko.
Ze aholku konpartituko zenuke?
Errealitatea gorroto dut, baina xerra bat jan dezakedan leku bakarra da (Woody Allen).
----------
Aukeran...
Lehen platera: Amamak egindako azalorea bexamelarekin.
Bigarrena: Kokotsak saltsan.
Postrea: Txokolate-moussea.
Edatekoa: Godello ardo zuria.