Aztertu, zaindu eta elkarbanatu

Imanol Gallego 2014ko abe. 23a, 15:25
Elkarteko zenbait kide azken hitzaldia hasi baino lehen.

Arrasate Zientzia Elkartea 2011n sortu zen, eta, ordutik hona, herriko historia arakatzen dihardute elkarteko kideek. "Ez ginen asmo zehatz batekin hasi, ikerketa gure zaletasuna izan da, eta horrela hasi ginen", esan du elkarteko kide Xabier Bengoak. 

Jaso eta eman

Lau urte hauetan zaindari, ikertzaile eta, nola ez, zabalkunde lana egin dute. "Jendeak argazki eta dokumentuak entregatzen dizkigu", azaldu du Bengoak. Altxor horiek aztertu eta gordetzeaz gain, herriari bueltatu nahi dizkiote: "Guk zaindu arren, Arrasate osoaren ondarea dugu esku artean". Horregatik, datorren urtean, beste asmo-proiektu batzuen artean, jasotako guztia hobeto erakusteko webgune eraldatua izango du elkarteak.

Ziklo arrakastatsua

Herriko ondarea ez ezik, iragana hobeto ezagutu eta etorkizuna hobeto ezagutzeko elkarteak hirugarren urtez antolatu du Arrasateko Iragana astintzen hitzaldi zikloa: "Gutxi gara eta xumea da gure lana". Xumea bezain eraginkorra izan den prestaketari esker, saio gehienetan aretoa lepo betetzea lortu dute. "Ez dakigu zergatik, baina izugarria izan da hitzaldiek izan duten harrera", adierazi du Bengoak.

Hirugarren zikloa amaitu bezain laster, hurrengoa buruan dutela ere onartu du: "Badirudi formularekin asmatu dugula, eta bide horretatik jarraitzeko asmoa dugu". Aurtengo hitzaldi sortak aurreko urteetakoek izandako arrakasta errepikatu edo hobetu du. "Jendeak kalean zoriondu egiten gaitu", dio, harro. Ez da gutxiagorako; zikloaz gain, duela urte gutxi berpiztutako elkarteak bere aztarna gero eta sakonagoa eta zabalagoa dela dirudi.

Hitzaldiak baino gehiago

Iragana astintzen zikloak elkarteari izen handia eman dion arren, Mondragoe beirazko plaketan erakusketak izandako oihartzuna itzela izan zen: "Marka guztiak hautsi genituen". Eta badirudi datorren urteko erronka berria hortik joango dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak